Azken txanpa

Bai horixe ·

Zenbat uda gelditzen zaizkio gure planetari? Guri gelditzen zaizkigunak baino gehiago izango ahal dira!

Jueves, 23 de septiembre 2021, 06:56

Joan zaigu aurtengo uda ere. Berezia izan omen da. Hala ere, ez dira falta izan ohiko suteak eta uholdeak; ezta, horien irudi beldurgarriekin batera, ohiko alarma-hots ezin kezkagarriagoak ere: klima aldatzen ari dela; eta laster, martxa honetan, gure hondamendi honek ez duela atzera bueltarik izango. Eta kito.

Publicidad

Hots larri horiek buruan, irakurri nuen 'ekosofia' hitza. Hitz berria niretzat. Arreta handirik jarri gabe, 'ekologia' hitza ezagutu nuen unea etorri zitzaidan gogora. Félix Rodríguez de la Fuenteri entzun nion lehenengo aldiz, zuri-beltzean, 'El hombre y la Tierra' izeneko serie hartako saio batean. Hemezortzi urte nituen.

Oraindik gogoan dut zein barruraino sartu zitzaigun 'ekologia' hura. Ez zen hitz soila. Zerbait berria zekarkigun. Arreta handiz zaindu behar genuen ingurunea, bizidun guztion etxea denez. 'Etxea' da 'eko' greko hizkuntzan (oîkos).

'Ekosofia' irakurri orduko egin nuen nire kolkorako itzulpena. Eko: etxea, sofia: jakinduria; beraz, etxeari buruzko jakinduria; hau da, 'ekologia' esateko beste modu bat. Bete-betean huts egin nuen. Justu kontrakoa esan nahi omen du 'ekosofia' hitzak: gure jakinduria ez baina, etxeak berak –naturak, inguruneak– duena.

Beti ere lasaigarria da hori jakitea. Aukeran, hobe azken hitza naturaren –biziaren– eskuetan egotea. Gure eskuetan egotera, honezkero planetarenak egin zuen, eta gureak ere bai. Dena den, axolagabekeriaz jokatzera ere eraman gaitzake naturaren jakindurian gehiegi uste izateak. Izan ere, baldin eta planeta gai bada gure edozein txikizio konpontzeko, zergatik ez segi lasai arraio txikizioak egiten? Halaxe pentsatu eta jokatu ohi dugu orain arte, eta zergatik ez berdin segi?

Publicidad

Baina hara non, duela bi asteburu, Kirsten Dunlop andereak –Climate Kic delakoaren zuzendariak– zer esan zuen: ja ez dela nahikoa gure planeta hondatzeari uztea; lagundu egin behar diogula bere onera etortzen. Bestela esanda, azken hitza planetak izango duela, baina azken bigarrena geuk gizakiok dugula.

Zenbat uda, sute eta uholde gelditzen zaizkio gure planetari? Guri gelditzen zaizkigun udak baino gehiago izango ahal dira!

Aditu askoren ahotan dabil 2030 urtea. Hortik aurrera, atzeraezinak izango omen dira aldaketa klimatikoaren eraginak, orain daramagun martxan. Azken txanpa omen dugu hau. Azken aukera. Sua dario sumendiari.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad