Arte ederren hotela

Bai horixe ·

Horrela bizi izan zen ama, aberatsen mundua zirrikitu batetik ikusten

Aspaldian, Zinemaldirako lan bat egiten ari nintzela, antolatzaileek gela bat eskaini zidaten, Londres hotelean. Gela itsasoari begira zegoen eta ama gonbidatu nuen bertara, kanpotik hainbestetan ikusitakoa barrutik ikus zezan. Han etorri zen ama, berezkoa zuen dotorezia xumeaz eta balkoira irten ginen biok. Han, eskudelari helduta, Kontxari begira, luzaroan egon zen hitzik egin gabe, gustuko zituen gure paisaien aurrean sarritan azaltzen zuen harrotasun puntua aurpegian. Halako batean «hau, lehen, aberatsek bakarrik ikusten zuten» esan zidan. Laurogei urte zeraman Kontxa ikusten baina beste ikuspuntu batetik. Han goitik, ez.

Publicidad

Hori etorri zitzaidan gogora Bellas Artes antzokia luxuzko hotel bilakatuko dela jakin nuenean. Han, oraindik antzoki zenean, eman zuen amak haurtzaro osoa baita gaztaroa ere. Donostiako alde zaharrean jaio zen eta haurra zela joan zen familia osoa Bellas Artesera bizitzera. Bertan zuen egoitza orfeoiak (amak ez zion sekula abizenik jarri, orfeoi bakarra balitz bezala) eta egoitza zaintzearen truke goiko partean bizi izan ziren hamarralditan. Etxearen eta antzokiaren artean ate txiki bat omen zegoen eta handik ikusi omen zuen garaiko hainbat izar.

Aspaldi hil zen gure ama eta ez ditu ikusiko bere txikitako etxean egun batzuk emango dituzten aberatsak. Oraintxe 125 urte beteko dituen orfeoirako mirespena, ordea, hil arte gorde zuen. Berarentzat aristokrazia moduko zerbait zen orfeoiaren kide izatea, diruarekin zerikusi gutxi zuen aristokrazia. Aita bertako abeslari zuen eta horrela banatzen zuen mundua, orfeoikoak zirenak eta ez zirenak.

Orfeoiko buruzagien afarietan ikasi zuen ez dela berdina haragirako edo arraietarako erabili behar zen aiztoa, ez zela edalontzi berean jartzen ardoa edo ura, nola tolestu ahozapiak modu sortzailean, nola kendu hezurra olibei, ez zela platereko saltsa ogiz busti behar.

Horrela bizi izan zen ia ehun urtez, aberatsen mundua zirrikituetatik ikusten. Saltzaile izan zen jubilatu arte, Donostiako denda dotore batean eta beti aipatzen zituen bezero aberatsak mirespen puntua zuen errespetuz, haiekin hitz batzuk trukatzea abantaila zoriontsua balitz bezala, inolako errebeldiarik gabe, bakoitzari ze leku eta ze jarrera zegokion jakinda.

Publicidad

Noski, Londres hotelean edo Bellas Artesekoan ez dira bakarrik aberatsak egongo. Langile ugarik jardungo du lanean eta haiek ere zirrikitu batetik ikusiko dituzte aberatsak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad