Justu pandemiaren aurreko hilabeteetan psikologo gazte batek, doktoregoa lortzeko lanen artean, inkesta bat egin nahi die gaztetxo batzuei, suizidioaren inguruan. Lan akademikoa da, unibertsitatearen berme guztiak dituena, suizidioari buruz zientziak dioena ezagutu eta zabaldu nahi duena. Ikerketa lana.
Publicidad
Aurkituko dituen oztopoak ez daude begi bistan eta doktoregaiak lasai asko jotzen du ikastetxe batzuengana. Deitzen die zuzendariei, aurkezten dizkie, aurrez aurre, lanaren nondik-norakoak eta helburuak, esaten die gaur egun suizidioa dela heriotza eragiten duten kausa ez naturalen artean lehena gaztetxoen artean.
Ikerlariaren harridurarako, kontaktatutako lehen zuzendariak ezetz esaten dio. Ezezkoaren arrazoi bakarra beldurra da, hautsak harrotzeko beldurra esaten dio zuzendariak. Jotzen du bailarako beste ikastetxe batera eta han zuzendariak baietz erantzuten dio, interesatua dagoela, izan dutela duela ez hainbeste kasuren bat eta noraezean ibili zirela.
Ikerlariak argitzen dio zuzendariari galdetegia gazteleraz dagoela eta zuzendariak erantzuten dio ez duela axola, itzuliko dutela. Berehala argitzen dio psikologoak itzulpenak, aldez aurretik, unibertsitatearen oniritzia lortu beharko lukeela eta hori prozesu luzea dela. Konforme, gazteleraz egingo dute.
Pozik irten da ikerlaria bileratik. Bigarren saioan lortu ditu inkestarako gaztetxoak, hitzordua eta guzti du lana burutzeko. Egiten ditu berrogeita hamar ikasleentzako fotokopiak eta justu hitzordurako egun pare bat falta denean deitzen dio zuzendariak ikerlariari. Sentitzen duela, barkamena eskatzen diola, baina irakasleek ez dutela parte hartu nahi, ikasleentzako irabazpenak ez omen daude argi, arriskuak bai.
Publicidad
Bildu dezakeen pazientzia guztiaz adierazten dio ikerlariak irakasleak oker daudela, arriskua suizidioaren gaia tabu bilakatzetik datorrela, ez horri buruz hitz egitetik. Alferrik, irakasleek ezetz eta ezetz. Ikerlariak ez daki, oraindik, oztopo bera aurkituko duela bisitatzen dituen gainerako ikastetxeetan.
Etorri zen gero pandemia eta ez dakit orain zertan dagoen ikerketa hori. Dakiguna da azken hilabeteotan biderkatu egin direla, gaztetxoen artean, buru-hilketak, helburua lortu dutenak eta saio huts izan direnak. Dakiguna da gai mingarria dela eta irakasleek nahiz kazetariok, beldurra diogula, erosoago gaudela isilik suizidioaren aurrean.
Publicidad
Kostako zaie zientzialariei beldur hori gainditzea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión