Egu, geurera
Gizonezkoek bandera handiak astintzen omen dituzte, emakumeok txikiak
Barkatuko didazue, baina hauteskundeen emaitzak asko interesatzen bazaizkit ere, lerro hauek aldez aurretik idatzi ditut, halabeharrez. Honezkero badakizue ia guztiek irabazi dutela eta inor gutxik ... aitortu dituela egindako akatsak, ez aitortuko.
Bizitza bi hauteskunderen artean gertatzen dena da herritar gehienontzat, kontrakoa politikaren munduan bizi direnentzat. Gaur edo bihar kenduko dituzte kaleetako kartelak eta dinosauroak lehengo lekuan jarraituko du. Bukatu da demokraziaren festa omen dena eta, orain, hautatuak lanera, agindutakoa betetzera eta gu geurera.
Geurera, gure kezketara. Interneten argitaratzen den aldizkari baten arabera, emakumeok ezkerrerako joera dugu, gizonek baino gehiago erreparatzen diegulako egunerokotasunarekin zerikusia duten kontuei, gizonezkoek gehiago begiratzen diotelako ideologiari, guk kontu txikiei. Inkesta mordo baten ondorioak aztertuz heldu omen dira ondorio horretara. Gizonezkoak bandera handiak, guk txikiak, are mundua hain bizkor aldatzen den honetan. Emakumeok Osakidetzaren kontua, gizonek ikurrinak. Ez dakit ba.
Beti iruditzen zaizkit susmagarri horrelako orokortzeak, sarritan intuizioaren kontra doazelako. Ezagutzen ditudan emakume askok bandera handiak astintzen ditu eta ezagutzen ditudan gizon batzuk ustez txikiak diren kontuak dituzte zerumugan. Eta bai, badakit aipatu dudan azterketa, agian, modu zientifikoan egina dela eta zientzia sarritan doala intuizioaren kontra. Adibidez, jakin badakigu lurrak eguzkiari ematen diola bira, baina guri iruditzen zaigu ilunabarrean eguzkia ezkutatu egiten dela, altxa egiten dela goizean goiz, mugitzen garenok gu garela jakinda ere.
Kezkak, hori bai aldatu egiten dira, gutxienez lehentasunari dagokionez. Gora egiten ari da Osakidetzarekiko kezka, behera langabeziarekikoa, gora prezioen igoeraren ingurukoa, behera immigrazioari buruzkoa... Gainera, kezkak ez dira berdinak emakume guztiontzat: gauza bat da diru gutxi jasotzen duenaren kasua edo dirua soberan duenarena, kontu bat gazteen kezkak eta bestea zaharronak, gauza bat dagoen horretan jarraitu nahi duenaren joera eta beste bat aldaketak aldarrikatzen ditugunona.
Eta gauza bat da nola islatzen dituzten hedabideek gure kezkak eta bestea nola sumatzen dituen gutako bakoitzak. Zer nahi den, bandera guztiak izan daitezke handi, bandera guztiak txiki.
Beraz, gu geurera, zuek zeurera, halako batean biak bat egingo dutelakoan.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión