Jakitera ausartu
Hobe dugu jakitera ausartu, ezjakintasunean gozo gelditu baino
Txikitan ez zidaten etxean irakatsi jakiten ahalegintzeak ausardia behar zuenik, ezta eskolan ere. Ia heldua nintzela ikasi nuen «sapere aude» hura, ausartu zaitez jakitera edo ... ikastera. Mendeak joan dira Argien Mendeko filosofo hark esaera hori plazaratu zuenetik eta oraindik ere baliagarri zaigu. Ausardia behar da ikasteko.
Ez da hainbeste denbora ikasi dudala zenbat eta gehiago jakin, orduan eta sakonago iruditzen zaizula ez dakizuna. Dakidan bakarra ezer ez dakidala da, edo antzeko zerbait esan zuen beste jakintsu batek. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta argiago duzu ez dakizuna. Zenbat eta galdera gehiago eran-tzun, orduan eta galdera gehiago sortzen zaizu.
Etsigarria ere izan daiteke hori. Zertarako ausartu itsasoa titare batekin hustera, zertarako ahalegindu gehiago jakiten, falta zaizuna amaigabea bada. Askotan iruditu zait jakintsuena apalena ere badela, agian falta zaiona argi duelako. Eta, alderantziz, zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta harroago azaltzen dira batzuk.
Horregatik antzezten dute amaierarik gabeko jakinduria gutxiago dakitenek. Horregatik ezkutatzen dute betikotasunean pentsaera, jokaerak aldatzeko gauza ez direnak, ikasi beharreko guztia ikasi dutelakoan, zer ikasia ez dutelakoan. Ez dira ikastera ausartzen.
Eta hori guztia ez dagokio, soilik, jakinduria zientifikoari. Politikariengan ere antzeman daiteke jokaera hori. Zerbaitetan buru denak sarritan aukera-tzen ditu lankide gisa honetaz edo hartaz berak baino gutxiago dakitenak, berak baino gehiago dakitenak aukeratu beharrean. Beste kontu bat da inork ez dakiela edozertaz, ezinbestekoak direla hutsuneak eta jakinduria bera ez dela honetan edo hartan asmatzeko bermea.
Pertsona jantzi batek ez du beti ondo aukeratuko, baina ezjakintasunak ere ez gaitu fidagarriago egiten. Egia da, era berean, jakinduria mota asko daudela eta alor batean jakintsua denak sekulako hutsuneak izan ditzakeela, gehienetan dituela, gainerako alorretan. Baina, oro har, hobe dugu jakitera ausartu ezjakintasunean gozo egon baino.
Horretarako antolatzen dira hitzaldi eta jardunaldiak, ikasi dezagun, ikastera ausartu gaitezen, edozein esparrutan, adin guztietan. Eta era horretako ekimenetan entzule gisa parte hartzen dutenei erreparatzen badiegu, egiaztatuko dugu emakumeak garela esku har-tzen dugun gehienok. Ez gara izango gehien dakigunak alor askotan, bai, ordea, ikasteko egarri gehiago erakusten dugunok.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión