Borrar
Bai horixe

Inkesta bat telefonoz

Noraino da fidagarria era horretan egindako galdeketa baten emaitza

Astelehena, 8 abendua 2025, 01:00

Comenta

Bazkaria prestatzen ari nintzela, janaria sutan, jo zuen txirrinak telefono finkoan. Begiratu eta ez nuen zenbakia ezagutzen baina, halere hartu egin nuen, edozein publizitateri uko egiteko prest. Ahots eme batek esan zidan inkesta bat egin nahi zidala. Begiak sutan zeuden ontzietan galdetu nion luze joko ote zuen. Erantzuna, ezetz, bost minututako kontua izango zela, sei asko jota.

Zalantza izpi bat sortu zitzaidan. Baietz erantzun nuen, suak itzaliz. Pentsatu nuen lanean ari zen neskak merezi zituela minutu gutxi horiek. Eta hor hasi zen galdera andana. Ahotsak korrika egiten zuen hitz. Batzuetan ez zidan galdera ulertzeko beta ematen ere. Galderak, gainera, sakonak ziren. Adibidez, galdetu zidan zein litzatekeen, nire ustez, Foru Aldundiaren lehentasun nagusia edo zer iritzi nuen Batzar Orokorretan alderdi bakoitzaren jardunari buruz.

Segundo gutxi nituen erantzun bakoitzarentzat. Batetik hamarrera ze zenbaki jarriko zenion Eusko Jaurlaritzaren jardunari... Noski, ez nion galdera hori sekula egin neure buruari. Agian, erakunde baten edo bestearen erabakiaren aurrean pentsatu izan dut egokia dela, eskas gelditu direla edo kontrako norabidean doala.

Zenbakiak, ordea, inoiz ez. Ezagutzen ditut bizitzaren edozein arloan zenbakia beti prest duten pertsonak, irakasleak beti, jaki bat balioesteko edo antzezlan bati buruzko iritzia ematerakoan. Ez da hori nire kasua. Beraz, segundo baten buruan bota nion galdegileari erantzuna. Honi seiko bat, besteari zazpikoa. Ez nintzen eroso sentitu neure buruarekin, erantzun bitartean pentsatzen nuelako denbora gehiago beharko nukeela erantzun aurretik. Ez naiz irakaslea, ezta bat-bateko jardunera ohitutako bertsolaria ere.

Eta, halere, zintzo jarraitu nuen galdetegia bukatu arte. Arnasestuka heldu nintzen mugara. Zortzi minutu izan ziren, nire ordulariaren arabera, baina kontutan izan behar da behin baino gehiagotan eskatu niola galdegileari galdera errepika zezan, ez nuelako ulertu edo ez nekielako zer egin behar nuen.

Horretan ere ez naiz aditua, baina telefonoa eskegi nuenean, suak berriz martxan jartzearekin batera, pentsatu nuen noraino ziren fidagarriak era horretan lortutako inkestak, zenbateraino eraiki daiteke politika bat inkesta horretan oinarrituta. Seguruenik, nire erantzunak errepasatzeko aukera izango banu, seguru erantzun bat baino gehiago zuzenduko nukeela.

Inkesta ordaintzen duenak jakingo du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Inkesta bat telefonoz