Guraso izateko arrazoiak
Gizarteak erabaki behar du zientziak zabaltzen dituen bideak nola erabili
Batzuetan, berririk txotxoloenak hautsak harrotzen ditu eta eztabaida funtsezko kontuei buruzko arazoentzat helezinak diren puntuetara iristen da. Horixe gertatu zaigu egunotan, guraso izateko arrazoiei eta bideei buruzko eztabaidarekin.
Zerk bultzatzen gaitu guraso izatera edo ez izatera? Nik ezingo nioke galdera horri erantzun labur eta borobila eman, baina irakurri eta entzun ditut horrelakoak kalean, herriko plazaren betebeharra osatzen duen supermerkatuan, banketxearen ilaran edo lagunartean.
Ohartarazi nahi dut nire lanbideak zuritu egiten duela besteek esaten dutena entzuteko ohitura, kuxkuxero izateko baimena ematen diogula geure buruari. Besterik ez bada ere tarteka fikzioa egiten dugunok horrela elikatzen dugu, gehienetan, gure biltegia, gero han edo hemen eraldatua erabiliko dugun osagaia.
Bada, denetik entzun dut egunotan. Entzun dut norberekoikeria dela guraso izatera bultzatzen gaituena, baita guraso izan nahi ez duenak egoismoari amore ematen diola ere. Entzun dut guraso izatea eskubidea dela eta ia edozerk balio duela eskubide hori eskuratzeko orduan, baita guraso izateak ez duela eskubidetik ezer ere, nahia izan daitekeela, irrika, ez, ordea, eskubidea. Entzun dut berezkoa dugula gizakiok gure genetika betikotzeko joera, baita ere genetika bost axola zaiola hainbati. Entzun dut gizarteak haurrak izatera bultzatzen gaituela, baita gizarteak haurrak izatea ezinezko bilakatzen duela ere. Entzun dut diruak edozer eros dezakeela, baita diru faltak guraso izatea oztopatzen duela ere.
Gauza da guraso izatearen ala ez izatearen inguruko eztabaidak kolonizatu egin duela egunotan elkarrizketa publiko nahiz pribatua, gutxitan gertatzen den indarrarekin eta hori guztia zientziak zabaldu dituen bide berriei esker. Zientziari esker izan daitezke guraso baldin-tza bertsutan aspaldian guraso izaterik ez luketen pertsonak, zientziari esker erabaki dezakegu guraso izan al ez.
Baina azken hitzak ezin du zientziaren eskutan egon. Zientziak zabaltzen dituen bideak nola eta zertarako erabili behar diren gizartearen esku dago, zehazkiago, gizartearen ordezkari direnek egiten dituzten legeek arautu behar dute zer den zilegi eta zer ez. Egin daitekeen guztia ez da zilegi ez desiragarri.
Gero, noski, legeak dioena saihesteko ahalmena dutenak (dirua eta boterea dutenak) ahaleginduko dira legea gainditzen, edozein esparrutan gertatzen den bezala.