Inor gutxik esango dizu, hemen eta gaur, Giza Eskubideen kontra dagoenik. Askotan, ordea, alde daudela esan ondoren 'baina' bat gehituko dute. Inor gutxik esango dizu, hemen eta gaur, gizon eta emakumeen eskubide berdintasunaren kontra dagoenik. Hori bai, alde daudela esan ondoren 'baina' ugari gehituko du askok edo salbuespenak onartuko dituzte. Eta hori hitzei dagokienez, kontutan izan gabe hitzetatik ekintzetara doan bidea sarritan luze eta aldapatsua dela.
Publicidad
Berdintasun pitin bat, bale, baina ez berdintasun gehiegi. Espainiako CIS-ek argitaratu berri duen txostenaren arabera, gizonen %44,1ak (52a gazteen kasuan) eta emakumeen %32,5ak uste du urrutiegi joan garela berdintasun kontuetan.. Egia da emakumeon %65,5ak uste duela ez garela urrutiegi joan, alderantziz, asko falta zaigula berdintasunerako. Baina ia emakumeen herenak uste du pitin bat atzera egin behar genukeela, gizonezkoak kaltetu egin ditugula eta gaixoak defenditu behar ditugula. Berdintasuna bai, baina ez hainbeste, baina non troppo.
Heren horri iruditzen zaio gizonen eskubideak ez direla pribilegioak, berez dagokien zerbait baizik eta emakumeen %7ak dio bere buruaz «ez dela batere feminista». Beraz, pentsa dezakegu gizon gaixoak gehiago zaindu behar ditugula pentsatzen duten batzuk feministatzat dutela bere burua, besterik ez bada ere pitin bat. Hauek lirateke feminista zintzoak.
Pentsatzen hasita, arraroa litzateke lerro hauek irakurtzen dituztenen artean kaltetua sentitzen den gizonik ez egotea. Bueno, agian horrelakoak irakurtzeari utzi dio izenburutik. Baina bakarren bat balego, galdetuko nioke zer nahiko lukeen ez emaztearentzat, ez naiz hain urrutira joango, baizik eta alabarentzat, atzo genuen gizartea, gaurkoa ala berdintasunean aurrerago egindakoa.
Izango nuke zer galdetu «batere feminista» ez den emakumearentzat, baina horrek, seguru, ez luke zutabe hau irakurriko. Halakoak baliatuko ditu, zalantzarik gabe, feministei esker lortutako eskubide eta askatasunak, baina ez luke inoiz aitortuko zor hori, esango luke berez etorri zaizkiola aldaketak edo, are gehiago, berak lortu dituela, borrokarik gabe, musu truk.
Publicidad
Urrutiegi joan garela uste duten guztiei esango nieke bildu dezatela ahal duten pazientzia guztia, zeren, zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, gero eta gehiago baikara gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunaren alde bultzatzen jarraitzen dugunok.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión