Memoriak esaten dit ez genuela, txikitan, emakumeoi eskainitako egun berezirik ospatzen. Ezta amaren eguna ere. Emakume santu eta birjina ugariri errezatzen genion urtean zehar, baina aldareetako emakume horiek ez ziren kaleko emakumeok bezalakoak. Santu Guztien eguna bai, emakumeon egunik ez.
Publicidad
Handik urte askotara heldu zitzaigun Martxoaren 8a, isilean eta ezkutuan hasiera batean, taldetxotan ospatutako data, ez kale eta plazatan. Geroztik, bide luzea egin du Martxoaren 8ak. Ez da gurean erakunde edo alderdirik data hori zalapartaz ospatzen ez duenik. Emakume koadrilek afari edo bazkariak antolatzen dituzte, urtean zehar emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde ezer gutxi egiten dutenek ere more izpi bat eramaten dute soinean, batzuek opariak eskaintzen dizkiote inguruko emakumeei, kale eta plazak morez janzten dira…
1999tik aurrera, Nazio Batuek emakumeon kontrako bortxakeria desagerrarazteko egun gisa seinalatu zuten azaroaren 25a, baina data horren oihartzuna ez da inondik ere martxoaren 8arenarenaren pare. Egia da nekez ospa daitekeela biolentziaren kontrako eguna poz eta alaitasunez, nortzuk joango dira data hori aitzakiatzat hartuta elkarrekin afaltzera, nori eskaini lore sortak egun horretan.
Eta, halere, emakumeon kontrako bortxakeriak gure artean dirau, egunero eragiten ditu zauriak, batzuetan txikiak, bestetan handiak, heriotzeraino daramatenak, beti mingarriak. Egun seinalatu horrek horretarako balio behar du lehenik, bortxa horren aurpegi desberdinak identifika ditzagun eta, ondoren, salaketarako pausoa ematera ausartu gaitezen, kexua aldarri bilaka dezagun.
Eta hor dago koxka. Pauso hori ematera ausartzen direnek ez dute beti erantzun aproposa jasotzen, ezta gutxiagorik ere. Ez kontua epaitu behar dutenengandik ez salatutako gizonaren inguruarengandik. Antzeko zerbait gertatzen den bakoitzean gertakizun hori notizia izatera pasako balitz, ez genuke aski egunkari edo albistegi bakar batekin.
Publicidad
Emakume eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten gehienek aholkatzen diote erasotuari eman dezala salaketarako pausoa eta seguru proposamen bera egingo geniokeela gehienok edonolako bortxa jasaten duen emakumeari. Errazago da aholkuak ematea aholkuak gauzatzea baino.
Oraindik ere haizea alde du edozein motatako biolentzia, arina nahiz sendoa, eragiten duen gizonak, ez zaio faltako inguruan botilerorik, are epaitegietan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión