Kareletik

Zahartzaro berria

Lau giltza hauetakoren bat zure egiten baduzu, zaharra zara

Miércoles, 22 de octubre 2025, 02:00

Gustatuko litzaidake zaharrak izaten asmatzea» zioen atzo Onintza Enbeitak, Berria egunkariko zutabean. Eta hara non, gaur, Arantxa Urretabizkaia (1947) idazleak eta egunkari honetako kolaboratzaileak, Zahartzaroaren maparen bila (Pamiela, 2025) liburua aurkeztuko duen, Donostiako Udal Liburutegi Zaharrean. Enbeitak aipatzen zuen zaharrak izaten asmatu ahal izateko liburua da Urretabizkaiarena, muga guztiak kontuan izanda ere, maila handi batean «gure buruaren jabe izan nahi eta ahal dugun zaharroi buruzkoa». Halaxe dio autoreak.

Publicidad

Erdi Aroko mapetan, mapagilearentzat ezezagunak ziren lurraldeak seinalatzeko, hic sunt dracones jartzen zutela diosku egileak, hau da, «hemen herensugeak daude». Literatura zabala ezagutzen dugu lurralde ezezagunetan bizi ziren munstroen eremua zeharkatu behar zuten zaldun eta gerlarien gainean.

Idazleak dio, gaur egun, belaunaldi oso bat abiatu dela (bere aburuz, 68ko mugimendu sozialetan parte hartu zutenena) lurralde ezezagun horietan barrena, maparik gabe eta iparrorratza eskuetan. Eta autonomia dela orratzak erakutsi behar duen iparra.

Zaharrak izaten asmatu ahal izateko, ordea, lehenbizi, zaharra zarela onartu beharra dago. Eta idazleak, lehen kapitulu oso bat eskaintzen dio gai honi liburuan. Ez baitugu nahi gure burua zahar ikusi, ez baitugu zaharrak garela aitortu nahi. Hori horrela, egileak lau giltza ematen ditu zaharrak garen edo ez jakiteko. Lehenbizikoa, gaurko gazteengatik gaizki esaka ibiltzea da (alferrak direla, ez dutela konpromisorik, ez dakitela lanean...); bigarrena, 'gure garaian' espresioa erabiltzea, hau da, iragana paradisua bailitzan. Autoreak defendatzen du gaurkoa ere badela 'gure garaia' eta iraganekoa bezain ona eta gurea dela. Hirugarrena, gaur egungo bizitza 'drama' bat balitz bezala bizitzea. Dena dago gaizki... Lehen hau ez zen gertatzen... Eta, laugarrena, adinkideen zahartzea ontzat ez ematea, hau da, gaizki zahartu direla kritikatzea.

Lau giltza hauetakoren bat gure egiten badugu, zaharrak gara.

Zaharrak izaten asmatzeko, bada, lehenbizi, zaharrak garela onartu eta tradizioz zahartzaroa bizitzeko erakutsi dizkiguten moduak eta muga guztiak ahaztu eta gure bizitza guk erabaki bezala bizi nahi dugula aldarrikatzea da.

Publicidad

Egileak ez digu zahartzaroa bizitzeko eredurik eskainiko. Askeak garela esango digu bakarrik. Eta askatasuna oso zaila dela kudeatzen. Ezagutzen ez dugun mapa bat eta iparrorratza emango dizkigu eskuetara.

Eta, berriz ere, nerabeak bezala sentituko gara. Mundua jateko prest.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad