Batzuetan, ez da askorik behar izaten hizpidea sortzeko. Ezta eztabaida pizteko ere. Lehengoan bezala. Sutsu ari ziren bi pilotazale, kale-kantoi batean. Ni hurbildu nintzaienerako, ahaztuak zuten banan-banako pilota-txapelketa, ahaztuak zituzten Jokin Altuna eta Iñaki Artola finalistak, eta pasatuak ziren bertsolaritzaren eremura, eta atzera eginda zeuden berrehun urte historian zehar.
Publicidad
Ez zeuden elkarri amore emateko. Batek –Jokin Altunaren aldekoak–, Fernando Amezketarra ez ezik, amezketarra zela Fernandoren garaiko Amezketako erretorea ere, bien arteko pasadizo xelebreetan maiz aipatzen dena. Besteak –Iñaki Artolaren aldekoak–, amezketarra izango zela Fernando, baina Alegian jaioa zela erretorea eta ez zela edozein, gainera. Ez zitzaien asko falta apustu egiteko.
Ia-ia sartu ninduten bien arteko eztabaidan. Ea zer nioen nik. Zer esango nien, ba! Kontu freskoekin ari zirela; eta, oker ez banenbilen, amezketarra zela erretorea ere, baina bazuela loturaren bat Alegiarekin. Dena den, badaezpada, kontsultatuko nuela etxeko liburu batean. Amezketarra zuela egilea.
Biharamunean taberna batean bildu ginen. Hara eraman nuen besapean liburua, Joxe Mari Oterminen 'Fernando Amezketarra: 1764-2014' oparoa. Baina betilun aurkitu nituen bi pilotazaleak, kanpoko mahai batean eserita, egunkaria aurrean. Ez nien sumatu bezperako apustu-girorik.
Ezer galdetu beharrik izan gabe, beraiek azaldu zidaten zer gertatzen zen. Jakin berria zutela Iñaki Artolaren lesioarena, eta horrek gauzak dexente aldatzen zituela. Egunkariak ez zuela argi gehiegirik eskaintzen, baina itxoin beharra zegoela. Mahai gainean utzi nuen liburua, baina bietako inor ez zen bezperako eztabaidaz gogoratzen. Bazirudien alegiarraren lesioa beste gairik ez zutela buruan. Berdin zitzaiela txapela nora joan: Fernandoren jaioterrira ala erretorearen aitaren jaioterrira. Izan ere, Amezketan jaioa zen erretorea, baina Alegian jaioa erretorearen aita, Oterminen liburuak zehatz-mehatz azaltzen duenez.
Publicidad
Azkenean, gauza bat gelditu zitzaidan argi: bi pilotazaleak zeudela Iñaki Artola lehenbailehen sendatzearen alde; hau da, osasuna dela lehenengo, eta amezketarraren eta alegiarraren arteko finala nahi dutela.
Alegia, kontua ez dela Artola ala Altuna, baizik Artola eta Altuna. Amezketa, Fernandoren eta erretorearen jaioterria, besteak beste.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión