Aingeru suntsitzailea

Bai horixe ·

Pandemia hasi berritan, hitz bat nahikoa izan zuen Bernardo Atxagak zetorkiguna izendatzeko: apokalipsia

Jueves, 25 de noviembre 2021, 07:09

Eta, agian, berriro ere –seigarren aldiz– etorriko zaigu gogora 'El ángel exterminador', Luis Buñuelek 1962an egindako filma. Eta izango da berriro ere ikusiko duenik. Halako gaurkotasuna du. Hain da biribila; inoiz egindako hamar film onenen artean omen dago. Hain dugu eskueran, YouTube delakoan.

Publicidad

Olatu erraldoi horietako bat bezalakoa da filma. Bete-betean harrapatu eta zilipurdika erabiliko zaitu panpina bazina bezala. Eta, azkenean, jira eta bira astindu ondoren, hor utziko zaitu hondarretan botata. Eta zeure onera etortzen hasten zarenean, konturatuko zara amets zakar bat izan dela dena, hasi eta buka. Pandemia-garaiko bizimodua bezain nahasia eta zorabiagarria.

Ia film osoa gertatzen da gela batean, zazpi metro zabal eta zazpi metro luze dituen gela dotore batean. Barruan, hogeita bi gizon-emakume mugitzen dira, denak goi-mailako aberatsak, elitekoak. Afari baten ondoren, konfinatuta gelditu dira bertan, inora irten ezinik, zergatik ez dakitela. Orduak eta orduak aurrera –egun batzuk ere bai–, eta hasierako kunplimenduzko hitz zuriak garraztu egingo dira pixkana-pixkana, eta azkenean bakoitzari kanpora ateratzen hasiko zaio barnean ondo ezkutuan daraman piztia.

Buñuelek berak aitortu zuenez, zentsuratu egin omen zuen bere burua. «Filma berriro egitera, urrunago eramango nuke dena. Hilabete utziko nituzke pertsonaiak itxita, harik eta elkar akabatzen eta jaten hasi arte».

Pandemia hasi berritan, han eta hemen ibili ziren kazetariak ate joka, hiritarren iritzia jakin nahian. Hitz bat nahikoa izan zuen Bernardo Atxagak zetorkiguna izendatzeko: apokalipsia.

'Apokalipsia' liburuaren 9. kapitulutik hartuta jarri zion Buñuelek izena filmari. Elizen arteko Biblia egin zutenek 'suntsitzailea' hitzaz itzuli zuten 'exterminador'. Liburu beraren sarreran, berriz, hauxe diote 'apokalipsia' hitzaz: «'agerpen' esan nahi du, estalkia kendu eta zerbaiten atzean dagoen misterioa azaltzea; apokalipsia errebelazioa da, ezkutuko zerbaiten azalpena».

Publicidad

Igarria zuen Buñuelek zer gertatzen den giza talde batean, gauzak okertzen hasi orduko. Iragarri zuen Atxagak pandemiak nola utziko zituen agerian gure misterioak –miseriak–.

Aukeran, hobe ez berrikusi behar izatea Ingmar Bermanen 'El séptimo sello'. 'Zazpigarren zigilua' dio Elizen arteko Bibliak, 'Apokalipsia'ren 8. kapituluaren hasieran.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad