Aiako herrian

Bai horixe ·

Joxe Mari Lertxundik irabazi zuen 1963ko txapelketa hura. Joan den 12an z+ekarren DV honek haren eskela

Gaurko eguna, maiatzaren 26a, igandez egokitu zen 1963an. Hiru egun lehenago, Asentsio eguna izan zen; ostegunez ospatzen baitzen orduan Asentsio, Pazkoa egunetik berrogei egunera. Jai handia Aian, feria-egun ospetsua.

Publicidad

Hiru egun geroago ere, 26an, jai-giroa zegoen Aian; eta arratsaldean, herriko bertsolarien txapelketa plazan, bederatzi bertsolari kantuan: herri-kaskoko lau, Elkano auzoko bi eta Urdaneta auzoko hiru. Datorren urtean hirurogei urte, txapelketa hura izan zela.

Badakigu bertsolari-urteak izan zirela haiek. Euskaltzaindiak hiru urte lehenago, 1960an, antolatu zuen bere lehen bertsolari-txapelketa; handik bi urtera izan zen bigarrena. Aiarrek gertukoak zituzten Basarri eta Uztapide txapeldunak. Noiznahi aipatuko zituzten bien izenak. Baina beste datu bat jakin gabe ez dago ulertzerik Aiako bertsolari-txapelketa hura: lau apaiz izan ziren antolatzaile.

Lauak zeuden Aian bertan apaiz: Andoni Lekuona, Altzola auzoan; Jesus Gaztañaga, Laurgainen; Xabier Azurmendi, Urdanetan; eta Jesus Iturrazpe, herriko parrokian. Lauak buru-belarri ibili ziren txapelketa-saioan ere, sotana soinean. Andonik eman zituen gaiak, Jesus Gaztañagak eta Xabierrek osatu zuten epaimahaia, eta Jesus Iturrazpe aritu zen megafonia-lanetan. Zuri-beltzeko irudiak. Lehen hiruek arrastoa utzia dute euskal literaturan.

Joxe Mari Lertxundik irabazi zuen txapelketa hura. Joan den 12an zekarren egunkari honek haren eskela. Arratsaldean izan ziren hiletak Aiako elizan. Eta mezatan, ofertorioan, ezusteko polit bat: Joxe Marik berak Aizpeako Ama Birjinari jarritako bertsoak, herriak kantatuak. Hauxe da lehenengoa:

Publicidad

Maria Birjiña,

zeruko Erregiña,

erri onen errukiz

zu ziñan antziña

Aizpeako txokoan

agerpen egiña.

Bertso xumeak dira, doinu jakinik gabe jarriak. Lertxundik berak eman zizkion Joxemari Iriondori, beste batzuekin batera, «to bertso koxkor hauek» esanez. Iriondok ukitu berezia sumatu bertsoei, eta Imanol Urbietarengana jo, musika jar ziezaien eskatuz. Eta Imanolek bete-betean asmatu ukitu berezi hura musika bihurtzen. Ukitu horiek bat egin zuten 12an, zu gorputz zinela, Aiako elizan. Batzuetan ez da oso urrutira joan behar zerua ukitzeko. Eskerrik asko, Joxe Mari, denagatik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad