Azkenaldi honetan, 'ahora' hitza azaldu ohi da, intentzio osoz, egunkari honetako zenbait titularretan. Batzuetan, keinuka ere ari zitzaigula iruditu zaigu. Esaterako, joan den 12an: «Urkullu observa ahora un catastrofismo excesivo por la pandemia». Intentzioa berehala atzematen du irakurleak. Egun batzuk lehenago adierazpen ilunak egingo zituen lehendakariak pandemiaz, eta azken orduetan iritzia aldatu, eta aldaketa hori utzi nahi agerian titularrak keinuka.
Publicidad
Zenbat horrelako aldaketa azken aldi honetan! Eta kazetariak horixe nabarmendu nahi, 'ahora' keinuka ipiniz. Beste adibide bat; hau apirilaren 21ekoa: «Sanidad recula en 24 horas y rechaza ahora posponer las segundas dosis». Edo martxoaren 31koa: «Sanidad busca ahora un resquicio para rebajar la ley que obliga a usar mascarilla».
Horrelakoak leituta, berehala hasten zaio errota lanean irakurleari: «Zer ez ote zaie bururatuko hurrengoan? Txingoka ibili beharko dugu laster kalean!».
Xelebre xamar ibili gara denok ere pandemian zehar, olatua etorri eta olatua joan, behin-behinekotasunean surfean. Ez geunden horrenbeste eta horrenbesteko aldaketetara ohituta. Ez gu, eta ez agintariak, eta ez adituak, eta ez zientifikoak. Eta denok egin dugu zilipurdi. Ipurdiko galanta askoak hartutakoak ere badira. (Ipurdikoak, ia gehienetan, bestek hartzen dituzte.)
Azkenaldi honetan, maiz samar etorri ohi zait gure aita zena gogora. Oso berea zuen 'ahoa neurri' esamoldea. Bat-batean irteten zitzaion, neurriz kanpoko prezioren bat sumatzen zuen bakoitzean. Iruditzen zitzaion kapritxoz jokatu zuela saltzaileak: ahora zer etorri, huraxe jaulki. Bizi balitz, zer ez zituzkeen esango, joan deneko urte eta laurden labainkor honetan, hainbeste xelebrekeria ikusita!
Baina orain bai. Badirudi orain iritsi zaigula, azkenean, maskara edo dena delako musuko ernegagarri hau kentzeko ordua. Non eta ez zaien agintariei beste zerbait etortzen orain ahora.
Dena den, maskararik gabe edo maskararekin, surf egiten jarraitu beharko dugu behin-behinekotasunean. Hau ere gelditzeko etorri baita. (Esaldi hau ere ikasi dugu, azkenean.)
Publicidad
Eta deskuiduan ahazten bazaigu, keinuka izango ditugu kazetariak gogoratzeko prest, joan den astelehenean bezala, Zubietara joandako futbolzaleen hitzak jasoz: «Ahora esperamos volver a Anoeta». Behin-behinekotasuna ez baita beti kalterako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión