3,8 cm

Bai horixe ·

Hemendik hiru urtera itzuliko dira Joko Olinpikoak. Orduan, 11,4 cm urrunago izango dugu Ilargia

Amaitu dira aurtengo Joko Olinpikoak. Bi aste izan dira. Ondo etorri zaizkigu, neurri batean edo bestean, oporrak ere zertxobait arintzeko. Bi aste egon gara neurri xeheetatik zintzilik. Halako atletak 76 segundo-ehunenetan hobetu duela bere marka. Beste halakori milimetro gutxirengatik ihes egin diola mundukoak...

Publicidad

Segundo-ehunenak, milimetroak. Neurri xeheak. Begien bistak atzeman ezin dituenak. Eguneroko bizitzan, koma baten atzean erabili ohi ditugun kopuruak. Hutsaren hurrengoak, baina ahalik eta zehaztasunik handienaz neurtu beharrekoak, gutxi gorabeheraka ibili gabe. Asko dago jokoan tarte txiki horietan.

Eskerrak teknologiari, kronometro elektronikoari eta abarri. Bestela, nola atzeman segundo-ehunen eskas horiek? Nolako aurrerapena ekarri digun foto finishak ere! Bestela, nola bereizi nork gainditu duen helmugaren marra noren aurretik?

Eta, Jokoak bukatu direnean, dominen eta sarien eta marka berrien zerrenda. Zenbat domina lortu dituen herrialde bakoitzak, zenbat urrezko, zenbat zilarrezko edo brontzezko. Eta zenbat marka berri jarri diren.

Tarteka, diru-kontuak ere aipatu ohi dira Jokoen inguruan. Baina hor ez dira zentimoka ibiltzen. Kontu larriagoak izaten dira horiek. Horietan, komaren aurretik jarri behar izaten dira zeroak. Eta hainbeste zeroen artean, ez dugu askorik behar izaten zorabiatzeko.

Publicidad

Zenbakiak zenbaki, joanak dira aurtengo Joko Olinpikoak; hori bai, hurrengoei lekukoa pasata. Ea zer dioen pandemiak. Aurtengoak urtebete luze atzerarazi zituen. Ondo bidean, hiru urte barru izango dira datozenak –Parisen, 2024an–, baldin eta egoera ez bada berriro gaiztotzen. Bitartean, asmatuko ahal dugu ohiko markak gozatzen eta saritzen! Eguzkiarentzat izango da urrezko domina: egunero irteten eta sartzen jarraitzegatik. Ilargiarentzat, zilarrezkoa. Eguzkia baino gertuxeago –380.000 bat kilometrora–, gugandik 3,8 cm urrutiratzen jarraituko du urtero, marka berria jarriz etengabe. Eta brontzeko domina, astronomoentzat: tarte larri eta xehe horiek zehatz neurtzeagatik. Hiru urte barru itzuliko dira Jokoak. Orduan, 11,4 cm urrunago izango dugu Ilargia. Bitartean –tarte batean, behintzat–, kutsatuen eta ospitaleratuen kopuru larriak zenbatzen jarraitu beharko dugu. Eta mediku, erizain eta gainerako osasun-langileen lan eskerga saritu ezinik. Ez ahal dugu marka zaharrik –txarrik– gaindituko!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad