Zeinen ederra den itzulera txapela ekarriz
Oiartzunek bigarren aldiz irabazi du Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, Azpeitiaren aurka 2-1 nagusitu ostean
EGIAR
Oiartzun.
Martes, 28 de junio 2022, 00:14
«Ze ederra izango den itzulera» dio Izaro Andres abeslariaren 'Errefuxiatuarena' abestiak, eta Oiartzungo pilotari zein pilota klubeko arduradunek inork baino hobeto esan dezakete hori. Izan ere, bederatzi urte eta lan eta izerdi asko behar izan dira berriro ere Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako irabazle izatera itzultzeko. Tartean hiru final ere galdu dira, eta horrek oraindik eta ederragoa egiten du larunbateko garaipena. 2013tik eta aurtengo ekitaldi loriatsura bitarte 2014an, 2017an eta 2021ean porrotaren gordina ere ezagutu behar izan zuten pilotari oiartzuarrek. Bada, joan den larunbatean Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatutako finalean erakustaldia eman, eta txapela Oiartzunera ekartzea lortu zuten. Arratsalde bikaina izan zen.
Publicidad
«Argi dugu dena ematera irtengo garela», adierazi zuen Asier Retegi prestatzaileak asteazkenean, finala jokatuko zen pilotaleku berean. Gehiengoak final parekatua espero zuen, nahiz eta Oiartzun zertxobait faboritago izan. Kadete mailako partidan faborito argiak ziren Oihan Etxeberria Iparragirre eta Mikel Leonet Arozena oiartzuarrak, eta ez zuten huts egin. 7 eta 22 irabazi zuten Otaegi-Larrañaga bikote azpeitiarraren aurka. Aurten lortu dituzten emaitzak ikusi besterik ez dago Etxeberria-Leoneten mailaz jabetzeko: besteak beste Gipuzkoako zein Euskal Herriko txapeldun izan dira.
Larunbatean erraz aritu ziren une oro, markagailuan aurretik joateak ematen duen lasaitasunarekin, eta inolako arazorik gabe gailendu ziren.
Jubenilak, erabakigarri
Jubenil mailako partidak sortzen zituen zalantza gehien, aurreikuspenek zioten indarrak oso parekatuta egon zitezkeela, Oiartzungo pilotariek zituzten arazo fisikoengatik batez ere. Bada, Oier Zabaleta Ibarra eta Unax Landa de Marcosek ere zailtasun handirik gabe irabazi zuten Labaka-Ezama azpeitiarren aurka, 10-22 hain zuzen. Zabaletak erakustaldia eman zuen aurreko koadroetan eta Landak pilota oso atzean jarri zuen. Gauzak horrela, bigarren partida amaitu zenean Oiartzun jada Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako txapeldun zen. Hura zen hura herriko pilotari eta zaleen poza. Besarkadak, algarak... denetik egon zen, baina kiroltasuna oroz gainetik jarrita, noski.
Bigarren partida amaituta finala erabakita egoteak izugarrizko lasaitua eman zien oiartzuarrei. Izan ere, azken partidan, seniorrenean, azpeitiarrak ziren irabazteko hautagaiak. Imanol Ugalde Muguruza eta Eneko Zalakain Deskarga gogotsu saiatu ziren Egiguren-Labaka bikoteari aurre egiten, baina Azpeitiko aurrelaria bere mailako onenetarikoa da, eta bikain aritu zen. Ugalde-Zalakain gogotsu saiatu ziren, baina azkenerako 22-10 galdu zuten. Irabazi ez arren, aurkariei bostekoa eman eta irribarrez kendu zituzten takoak senior mailako oiartzuarrek, bazekiten txapela haiena zela.
Kirol arloko lanak amaitzean, sari-banaketaren ordua iritsi zen, txapela janzteko ordua. Itziar Lete Gipuzkoako Pilota Federazioko presidenteak eta Joxe Mari Mitxelenak jantzi zizkieten banan-banan txapelak pilotari oiartzuarrei, eta kopak ere eman zizkieten. Leonet alkateari ere eman zioten saria, eta herriko pilotariekin egon zen sari-banaketan. Momentu zirraragarria izan zen. Finala jokatu zutenenei bakarrik eman zizkien sariak, baina aurtengo edizioan 16 pilotarik osatu dute Oiartzungo taldea (Oiarpek parte-hartu duten pilotari denentzat egingo ditu txapelak). Hona hemen aurtengo ekitaldian gutxienez partida bat jokatu duten pilotarian zerrenda: Oihan Etxeberria, Mikel Leonet, Manex Olaiz, Axel Lasa, Aritz Hevia, Oier Zabaleta, Unax Landa, Xabat Olaiz, Haitz Aranburu, Ekain Mitxelena, Imanol Ugalde, Eneko Zalakain, Egoitz Etxabe, Ekaitz Salaberria, Andoni Ugalde eta Iñigo Ugalde.
Publicidad
Txapelak buruan, lehenik eta behin Oiarpeko pilotari denek argazkia atera zuten, eta ondoren Atano III.era hurbildu ziren hainbat oiartzuarrek. Herritik 300 pertsona inguru joan ziren finala ikustera. Oiarpek autobus bat antolatu zuen, eta beste asko eta asko autoz edo garraio publikoan joan ziren. Pilotalekuan ziren, besteak beste, Ander Imaz pilotari profesionala, Bixente Artola masajista, Joxe Juan Esnaonal pilotari ohia eta Oiartzun taldeko hautatzaile ohia, Martxel Toledo ESAITeko bozeramaile ohia edota Enekoitz Markos zinegotzia. Horrez gain, bi pankarta zeuden oiartzuarren aldeko mezuekin: 'Oiartzun gogor erantzun!' jartzen zuen batean eta 'Kontsejupetik Atano III.era, aurten bai!' bestean.
Afaria Tolaren
Atano III.eko ospakizunek Tolare jatetxean izan zuten jarraipena. Oiarpek antolatuta, 85 lagunek giro bikainean afaldu zuten. Kantu eta dantza, bertso eta abesti, janari eta edari, giro ederrean une eder-ederrak bizitu zituzten bertaratutakoek; pilotari, guraso zein zaletuek. Parranda giroarekin jarraitu nahi izan zutenak Hernanira joan ziren eta bertan jarraitu zuten ospakizunekin.
Publicidad
Euskal Herrikoaren zain
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi ostean, Euskal Herrikoa du orain helburu Oiartzunek. Beste herrialdeetako irabazleen aurka egin beharko du. Arabako irabazlea Gasteiz izan zen eta Bizkaiakoa, berriz, Markina-Xemein. Nafarroako Herriartekoa oraindik finalaurrekoetan dago, eta haiek amaitzean jakingo da noren aurka jokatu beharko duen Oiartzunek. Zozketa uztailaren 16an izango da. 2013an Euskal Herriko txapeldunorde izan zen ostean, aurten lehenengo aldiz txapel preziatu hori herrira ekartzeko aukera dute herriko pilotariek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión