Sorkuntza tailerretan izena emateko epea amaitzear
GOIZARIN
OIARTZUN
Osteguna, 29 iraila 2022, 00:16
. Idoia Beratarbide Arrietak gidatzen dituen haurrentzako sorkuntza tailerretan izena emateko epea amaitzear dago. Tailer hauek Oiartzungo Ehuntze espazioan ematen ditu Beratarbidek, Manuel Lekuona 10 behean dagoen lokalean.
Haurrei zuzenduriko sorkuntza tailerrean gauza ezberdinak lantzen dira: marrazketa, bolumena, kolaxa, pintura... Sormena haurrengana gerturatzea dute helburu tailer horiek; material eta teknika ezberdinetara gerturatzeko aukera ematen zaie, horrekin irudimena erabiltzeko eta sorkuntzarekin jolasteko bidea emanez. Azkenean, «haur bakoitzak bere espresiobide propioa aurkitzea eta garatzea da helburua», nabarmendu du Beratarbidek. «Sormena pertsona bakoitzaren adierazpenerako eta komunikaziorako gaitasunak lagundu eta garatzeko tresna izateaz gain, talde lanean aritzeko bide aproposa da. Horregatik, haurrek berauek urtean zehar sortu dituzten lanekin ikasturte amaierako erakusketa antolatu ohi dugu», argitu du. Idoiarekin batera, egindako lanen kokapena eta erakusketa erabaki eta prestatzeaz gain, senide eta lagunei emateko gonbidapenak egiten dituzte eskuz, eta antolatzaile bilakatzen dira.
Hiru adin talde izango dira
Hiru adin talde ezberdin izango dira: 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, ordutegi honekin, astearte edota asteazkenetan, 16:45etik 18:15era. 12 urtetik gorako gazteentzat, berriz, astearteetan, 18:30etik 20:00etara. Azkenik, helduentzat asteazkenetan, 18:30etik 20:30era.
Izena emateko epea bihar arte izango da, beti ere aurreko urtean ibilitako ikasleek lehentasuna izango dute. Izena emateko emailez ehuntze@gmail.com egin daiteke.