Santiyoen lehenengo asteburua osatuta, giro ederrean
Astean zehar atseden hartu eta hurrengo asteburuan berrekingo diote festei
EGIAR
Asteazkena, 27 uztaila 2022, 00:08
Amaitu da Iturriotz auzoko Santiyoetako lehenengo asteburua. Aurtengo festak bi asteburutan banatu dituzte; hortaz, ostirala bitarte atseden hartu, eta uztailaren 29an, 30ean eta 31n itzuliko dira dantza eta algarak. Orain artekoa giro ederrean joan da.
Larunbatean bi ekintza antolatu zituzten: eskulan tailerra eta truk txapelketa (45 bikotek eman zuten izena, eta Nikolas Mitxelena eta Jose Elizegi izan ziren garaile). Hala ere, festak ofizialki lertxuna altxatzen denean hasten direnez, igande iluntzean ekin zen Santiyoei modu ofizialean. Euskal dantzak, buruhandiak eta txistulariak izan ziren jarraian, eta eguneko egitarauari amaiera emateko auzo afaria egin zuten.
Uztailaren 25ean, Santiyo egunean hain zuzen, goiz erestia izan zen lehenik, eta meza nagusia egin zuten 10:30ean, auzoko hildakoen omenez. Eguerdian idi-dema izan zen, Mixiyua eta Telleriaren idi-pareen desafioa, eta arratsaldean XXX. Kronoeskalada. Berrikuntza bezala, aurten I. Kronoeskalada seniorra antolatu zuten. Estrataburuko malda igotzeko makina lan izaten zuten batzuek. Egun handia amaitzeko musika emanaldia izan zen, Ane Badiola, Joxe Leon Amigorena eta Irati Odriozolaren eskutik.
Hurrengo asteburua
Festetako hurrengo egunetarako ere ekintza mordoa antolatu dute. Jubilatuen bazkaria, pilota partidak, ur festa, txokolada, pintxo potea eta enkartelada izango dira ostiral arratsaldean. Iluntzean, berriz, auzoan ogitartekoak afaltzeko aukera egongo da, eta kontzertu bikainez gozatzeko aukera izango da ondoren. Besteak beste, Los Zopilotes Txirriaus talde famatua etorriko da.
Larunbatean, berriz, ohiko bizikleta martxa, zirko tailerra eta sagardo dastaketa izango dira. Iluntzean, Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraien eskutik 'Luze edo motz' binakako bakarrizketa izango da. Auzoko festen azken egunean, besteak beste tortilla txapelketa, herri kirolak, erromeria, bingoa, gaztelu puzgarriak, dantzaldia eta zezen suzkoa egongo dira. Santiyuak amaitzeko, kalejira egingo dute auzoan zehar, eta Bidez Batez taldearekin dantzaldiaren jarraipena izango dira.