OKEko neska nagusien taldeak 0-5 galdu egin du Real Sociedad B taldearen aurka
Jipoi handia jaso dute Iñigo Celaren jokalariek Karla Lekuona zelaian
GOIZARIN
Astelehena, 19 iraila 2022, 23:26
Pasa den larunbat arratsaldean, OKEko emakumezkoen talde nagusia ez zen fin ibili jokoan eta 0-5 galdu egin zuen neurketa, Real Sociedad B taldearen aurka.
Hasieratik, donostiarrek eraman zuten jokoaren ardura eta laugarren minuturako aurreratu ziren. Argi eta garbi erakutsi zuten euren maila hobea zela, batik bat teknika aldetik. Horrela, sortu zituzten aukera gehienak ongi zehazten zituzten gola lortzeko. Edonola ere, oiartzuarrek lan asko egin zuten eta ez ziren inolaz ere kikildu, jarrera ezin hobean jarraitu zuten baina euren eginahalak ez zien fruiturik eman. Azkenerako, hiru puntuak donostiarrek eraman zituzten.
Honako hamaikakoa zelairatu zuen Iñigo Celak: Castilla, Jone (Nagore, 70. min), Mireia (Sara Rivero, 70. min), Maider, Miren Unzueta, Irastorza, Leire, Lide, Lizaso, Rebecca (Nahia, 45. min) eta Sara O. (Anne Manchola, 60. min).
Hamahirugarren koskan daude orain Celaren jokalariak, hamasei taldeko sailkapenean. Hurrengo asteburuan Logroñesen aurka jokatuko dute, haren etxean. Errioxako jokalariak ere jipoituak izan ziren larunbatean jokatu zuten partidan, Añorgaren aurka 7-1 galdu baitzuten Rezolako zelaian.
Ohorezko Erregional taldea
OKEko mutilen talde nagusiak puntu bat eskuratu zuen larunbat arratsaldean, Tolosarekin bana berdinduta, Berazubi zelaian. Lehen zatia lehiatua izan zen, edonola ere oiartzuarrei baloiaren jabegoa kontrolatzea asko kostatu zitzaien. Gauzak horrela, Tolosa aurreratu zen markagailuan. Bigarren zatian, ordea, Marketen jokalariak baloiaren jabe egin ziren eta aukera dezente izan bazituzten ere, azken minutura arte ez zuten asmatu. Orduan bai, Eñaut Fernandezek lortu zuen berdinketaren gola.
Honako hamaikakoa zelairatu zuen Marketek: Eñaut Vadillo, Jonmi, Iñigo Iraola, Eñaut Fernandez, Mikel Mitxelena, Mikel Aranburu, Leonet, Oier Etxabe, Aitzuri Noble, Gorka Estefano eta Unai Kortajarena.
Lau puntu batuta, taldea bosgarren koskan dago orain. Heldu den asteburuan Elgoibar izango du aurkari, Karla Lekuona zelaian. Seitik sei puntu batuta, laugarren koskan dagoen taldea ez da arerio xamurra izango oiartzuarrentzat.
Beste emaitzak
Nesken Euskal Ligan, oiartzuarrak nagusitu ziren eta hiru puntuak etxera ekarri zituzten. Izan ere, Ipar Gasteiz taldearen aurka Oiartzun KE 1-4 nagusitu zen.