Oiartzun urtekariaren 52. edizioa kalean da
Aurtengo elkarrizketa nagusia Pierre Elizondo Oiartzabali egin zaio
GOIZARIN
Osteguna, 25 abuztua 2022, 23:56
Uztaileko azken egunetan ikusi zuen argia «Oiartzun 2022» Urtekariak. Orain artekoak bezain mamitsua barrutik, eta koloretsua, ezbairik gabe. Oiartzungo kale, etxe eta bazterrak beste behin ere alaitzen ari den urtekari mardula. Aurtengoa 52. edizioa da eta azkeneko urtean herrian gertatutako ekimen–kultural, sozial, kirol arloko...– garrantzitsuenak biltzea eta datozen urteetarako jasota eta dokumentatuta uztea da haren helburua.
Izan ere, aurten ere gogotsu lan egin du Urtekari Batzordeak urtebetean herrian aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak, urteurrenak... biltzeko. Goiatz Labandibar, Mattin Kazabon, Joxan Eizmendi, Jaione Ugaldebere eta Iosune Cousillas Urtekari Batzordeko kideak aritu dira Oiartzun urtekaria aurrera ateratzen, urte honen testigantza uzteko bada ere.
Haiek jarri zuten lehen hitza
1956. urtean jaio zen Oiartzun Urtekaria, Santiago Aizarna, Benjamin Alvarez, Adolfo Leibar, Juan Mari Lekuona, Jose Antonio eta Miguel Irigoyen, Julio Barrutieta, Paul Urreolabeitia, Pablo Michelena, Dionisio Martiarena, Ayalde... lagunen lanei esker. Haiek jarri zuten lehen hitza, garai aski zailetan. Haien meriturik handiena komunikabide hau sortzea izan zen. Eta haien eginahalari jarraipena ematen segitu dute aurten Joxemari Iturriotz, Asier Legorburu, Antton Mendizabal, Xabier Iragorri eta Ibintza Iragorri, Antton Kazabon, Pili Lizaso, Izaskun Madariaga, Joxe Migel Lopez eta abarren kolaborazioek.
Pierre Elizondo Oiartzabal
Aurtengoan, Pierre Elizondo Oiartzabali egin diote elkarrizketa nagusia. Okzitaniako Fleurance-Gers herrian sortua, bi urte bete aurretik haren familia Oiartzuna etorri zen bizitzera. Arditurrin zegoen meategiko langilea izan zen, herrigintzan buru-belarri aritzen zen bitartean. Ergoiengo Auzokalteko kidea, mendizale borrokatua da. Herriko sahararren aldeko mugimenduko partaidea da, baita Karaez elkartekoa ere, besteak beste. Haren bizitza jasotzea benetan interesgarria izan da.
Oiartzungo seme-alabak atalean, berriz, auzoen arteko oreka bilatzen saiatu da aurten ere Urtekari Batzordea, auzo guztietako herritarrek izan dezaten lekua. Altzibar auzoko Puri Ojedas; Arraguako Felipe Azpiroz; Elizaldeko Alaia Belaunzaran eta Aitor Bengoetxea ᾽Bengo᾽; Ergoien auzoko Oihana Irastorza; Gurutzeko Mitxelena Arbide ahizpak; Iturriotzko Goihaitz Beratarbide; Karrikako Manuel Irastorza eta Ugaldetxoko Maxux Rekalde (in memoriam) eta Nikolas Etxebeste izan dira protagonista, hain zuzen.
Gai mamitsu eta interesgarriz beteta dator aurtengoan ere Historia atala: Barojatarrak; Wiki-emakumeak; Gurutze Zar; Trenen memoria, bidegorria; Erremontistak, besteak beste.
Era berean, garrantzia dute aurten urteurrena betetzen duten herriko elkarte eta udal zerbitzuak: Ttur Ttur euskaltzaleon bilgunea (20 urte); Arritxulo aterpetxea (20 urte); Soinuenea Herri Musikaren Txokoa (20 urte) eta Pagoarte (25 urte).
Aurkibidea digitalizatu
Azkenik, azpimarratu behar da Adolfo Leibar Axpe zena 1991ean hasi zela Urtekarien aurkibide orokorra osatzen. Lehendabizi 1956-1991 urte bitarteko lehen 21 aleak egin zituen. Gero, Luis Carlos semearen laguntzaz 22-41 aleen aurkibidea osatu zuen. Aurten, Elena Zalakain oiartzuarrak aurkibide orokor horiek digitalizatu ditu eta 42-51 aleen bilatzaile digitalak osatu ditu.
Hortaz, interesatuak Oiartzungo Ondarearen web-orrialdean aurkituko ditu 1956-2021 urte arteko aurkibide orokorra, https://ondarea.oiartzun.eus/eu/ondarea/argitalpenak loturan txertatu delarik artxibo hori.