Primerako giroa Ugaldetxoko sanmigeletan
Etzi amaituko dira, jubilatuentzako hamaiketakoarekin
GOIZARIN
Asteartea, 27 iraila 2022, 00:07
Eguraldi kaxkarra izanagatik, Ugaldetxoko sanmigeletan auzotarrek nahiz herritarrek ederki gozatu dute propio prestatutako ekitaldietan. «Eguraldiak ez du gehiegi lagundu, batik bat ostiral eta larunbatean, baina hala ere jende asko gerturatu da eta primeran ibili gara. Ekitaldi guztiak burutu ditugu, zorionez», zioten Ugaldetxo Kultur taldeko kideek.
Halaxe da, ostiralean XLIII. truk txapelketan 50 bikotek parte hartu zuten eta lehen saria Asier Retegi eta Andoni Arrieta bikoteak irabazi zuen. Txapela bana eta mariskada eraman zuten bi gazteek.
Larunbat goizean, berriz, herri kirolak izan ziren protagonista. Proba mistoan ugaldetxotarren taldeak herritarrez osaturiko taldearen aurka jokatu zuen, lau lan egin behar zituztelarik: trontza, txingak, lokotsak eta korrika saioa. I. Herri Kirol proban borroka estua izan bazen ere, azkenerako herritarrez osaturiko taldeak eraman zuen sari preziatua. Gazte hauek osatu zuten irabazleen taldea: Aitor Jauregi, Ane Lujanbio, Ane Zapirain, Dani Beaumont, Jara Lujambio, June Ibarguen, Jon Otegi eta Zigor Salaberria. Ugaldetxotarren taldea, berriz, gazte hauek osatu zuten: Ainhoa Aldai, Aitzol Salaberria, Alazne Cruz, Izar Aizpuru, Izar Azpiroz, Itsaso Aldai, Jon Garmendia eta Mikel Etxebeste.
Bazkaria ere jendetsua izan zen, propio jarritako karpan. «130 lagun elkartu ginen, giro ezin hobean». Eta arratsaldeko kontzertuan, Zurrunk taldeak garai bateko musika ibilbideari errepasoa emateko baliatu zuen saioa, entzuleen gozamenerako. Bad Sound eta DJ Txillardegik borobildu zuten larunbata, azkenik. «Gauean ere jendetza gerturatu zen sanmigeletara, edaria guztia bukatu zitzaigun», aitortu dute antolatzaileek.
Omenaldi sentitua
Igande goizean, ehun korrikalari elkartu ziren Ugaldetxoko futbol zelaiaren aldamenean, VII. Krosa korritzeko. Zazpi kilometroko ibilbidea prest zeukaten eta gogotik ibili ziren. Aurtengoa berezia izan da: Jon Rodriguez Irazusta kirolariaren omenez. Saio aurretik, Ugaldetxo Kultur taldeak omenaldi xumea egin zion urtarrilaren hasieran Gantxurizketan zendu zen kirolari gazteari, haren familiaren aurrean.
Arratsaldean, eguraldi ona lagun, goitibeheren jaitsiera izan zen aipagarriena. Txipitoko malda jaisteko lau tramankulu zeuden prest. Bidearen bi aldeetan, berriz, jendea erruz bildu zen, urtero legez. Herriko saio bakarrenetakoa izango da non haurrak, gaztetxoak, nerabeak, gazteak, helduak... biltzen diren, adrenalina eta emozioa lagun. Aurten, patinatzaile bat ere ausartu zen parte hartzera. Haien amaieran, sardina jateak eta ogitartekoek izan zuten arrakasta. Ugaldetxoko plaza lepo zegoen ordurako. Azkenik, zezensuzkoak jarri zuen azken ginda sanmigelak borobiltzeko.
Eta aurtengo sanmigelak behar diren moduan amaitzeko, ostegunean, hilaren 29an, San Migel egunean, goizeko 11:00etan meza ospatuko da auzoko lokalean. Azkenik, 11:30ean, auzoko jubilatuei hamaiketako eskainiko diete Kultur taldeko lagunek. Dohainik izan arren, txartela jaso behar da Intxixu tabernan.
Bertsolari Txapelketa Nagusia
Pasa den larunbatean, Getxoko Muxikebarri aretoan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo final-laurdena. Saio orekatua burutu ondoren, Alaia Martin bertsolari oiartzuarrak lortu zuen zuzenean finalaurrekoetarako txartela, 738 puntu batu ondoren. Aipagarria, besteak beste, Martinek buruturiko ganbarako lana.
Urriaren 22an Elizondon arituko da Martin.