Borrar
Udaletxeko balkoitik herritarrei eskaini zieten saria. ARGAZKIAK EGIAR
Oiartzun

Oiartzun Euskal Herriko Herriarteko txapeldun

Markina-Xemein 2-1 garaitu ostean, historian lehengo aldiz EHko txapela irabazi du Oiartzunek

EGIAR

Asteartea, 26 uztaila 2022, 00:07

Comenta

Oiartzungo taldea osatzen duten pilotariek historia egin zuten herenegun goizean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Herriaren historian lehenengo aldiz Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketa irabazi zuten, Markina-Xemein 2-1 garaitu ostean. Gehienek Oiartzun faboritotzat jotzen zuten, eta igandeko partidek hori ziurtatu zuten. Oso azkarrak izan ziren partida denak; jaialdia 11:00etan hasi zen, eta 13:00etarako hirugarren eta azken partida amaitua zegoen. Ikusleentzat agian ez zen finalik ikusgarriena izan, partidarik parekatuena 22-4koa izan baitzen. Hala ere, herritarrek txapela janztea lortu zuten, eta poza eta festa nagusitu ziren. Jende dezente joan zen Oiartzundik. Oiarpek autobus bat antolatu zuen eta hamarna pertsona autoz joan ziren.

Bero handia zegoen Beloki Pilotalekuan, baina hori ez zen arazo izan oiartzuarrentzat. Hasiera-hasieratik dena ematera irten ziren, eta lehenengo bi norgehiagoketako azken emaitzek argi erakusten dute hori. Kadete mailan, 22-3 irabazi zuten Oihan Etxeberriak eta Mikel Leonetek, Amets Alvarez eta Markel Calvo markinarren aurka. Lehenengo kintzeetan jada abantaila lortu zuten oiartzuarrek (4-1), eta Alvarez-Calvo bikoteak ez zuen tarte hori murrizteko aukerarik izan. 12-2 aurreratu ziren eta, Leonet atzelariaren huts baten ostean, zuzenean joan ziren hogeita bigarren kintzera. Aise irabazi zuten lehenengo partida.

Jubenil mailako norgehiagoka irabaziz gero, txapela Oiartzunera etorriko zen, eta Oier Zabaletak eta Unax Landak ez zuten hutsik egin. Horiek ere aise irabazi zuten, 22-4, Anartz Ibarlozaren eta Jokin Alvarezen aurka. 13-0 aurreratu ziren begien itxi-irekian, hamaika minutu eskasean zehazki. Oiartzuarren akats pare bati esker bizpahiru tanto jarraian egin zituzten bizkaitarrek, baina Zabaleta-Landak sakea berreskuratu, eta inolako arazorik gabe irabazi zuten. Gauzak horrela, txapela jada Oiartzunentzat zen.

Beraz, senior mailako partidak ez zuen garrantziarik, gertatzen zena gertatzen zela Oiartzunek irabazi baitzuen final handia. Agian hori dela eta lasai xamar irten kantxaratu ziren Imanol Ugalde eta Eneko Zalakain, eta 3-22 galdu zuten Josu Agirreamalloaren eta Aimar Ibarlozaren aurka. Egurra jaso zuten oiartzuarrek, baina ez zuten irribarrerik galdu, txapela beraiena baitzen. Sari banaketan, Jexux Leonet alkateak eta Joxe Mari Mitxelena oiartzuarrak Euskal Herriko Pilota Federazioaren izenean jantzi zizkieten txapelak herriko pilotariei. 2013an ere Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalera iritsi ziren Oiartzungo pilotariak, baina ordu hartan ez zuten txapela janzterik lortu. Egun historikoa izan zen atzokoa.

Ospatzeko unea

Sari banaketa amaitu ostean, pilotariak zein zaleak autobusera igo eta herrira itzuli ziren. Girizia elkartean bazkari bikaina egin zuten txapela ospatzeko. Sabela bete eta gero, Madalensorotik plazara igo ziren, kalejiran, pandero eta trikitixaren laguntzarekin, 'Oiartzun gogor erantzun' zihoen pankartaren atzean. Bertan, Oiartzungo Udalak harrera egin zien pilotariei. Lehenik eta behin, Enekoitz Markos kirol zinegotziak «lorpen historikoa» eta «urte osoan zehar egindako lan gogorraren emaitza» dela azpimarratu zuen. Bere ondoren Jexux Leonet alkateak hartu zuen hitza, eta Oiarpeko familia guztia zoriondu nahi izan zuen Udalaren eta herriaren izenean. «Sei pilotarik jokatu duzue gaur Zumarragan Oiartzunen izenean, baina txapel honen atzean lan handia dago», esan zuen, eta lorpena «guztiona» dela nabarmendu: «pilotariena, egin duzuen lan eta sakrifizioagatik; familiena, astebururo herri batetik bestera pilotariak babesten eta laguntzen egoteagatik; eta, nola ez, Oiarpe elkartearena, urte guzti hauetan egindako lan ikaragarriagatik. Sekulakoa da lortu duzuena». Alkateak bide beretik lanean jarraitzeko eskatu zien pilotariei, eta «ibilbide horretan udalaren babes osoa» izango dutela azpimarratu zuen. Eusebio Agirrezabala Oiarpeko presidenteak ere hitz egin zuen, klubaren izenean, eta Asier Retegi hautatzaileak ere hartu zuen hitza. Hitzaldiak amaitu ostean, artxiboetan betirako argazkiak atera zituzten, eta udaletxeko balkoira irten ziren pilotariak, lortutakoa herriari eskaintzera. Oiartzun gogor erantzun!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oiartzun Euskal Herriko Herriarteko txapeldun

Oiartzun: Oiartzun Euskal Herriko Herriarteko txapeldun