Azken aukera Tren Berdean Arditurriko Meatze gunera joateko
GOIZARIN
Larunbata, 27 abuztua 2022, 00:06
Heldu den asteazkenean, hilak 31, azken aukera izango da tren berdean Arditurrira joateko eta bertako meazuloa bisitatzeko, beti ere prezio berezian. Oiartzungo paraje naturaletan murgiltzeko eta familian egiteko plan ezin hobea, izan ere, adin tarte guztientzat egokia baita. Haurrek, gaztetxoek zein helduek Oiartzungo naturaz, baserri-auzoez eta meatze-aztarnez gozatzeko aukera bikaina izango dute.
Tren Berdea Elizaldetik abiatuko da, Doneztebe plazatik. Paisaia zoragarriez gozaraziko digun 45 minutu inguruko ibilbide atsegin bat egingo du Oiartzungo naturgunean murgilduz. Oiartzun ibaiari jarraituz eta Aiako Harria aurrean dugula, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraiatzeko trenbide zaharra, egun Bide Berdea dena, bidelagun izango dugu. Azken zatian, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko da bidaia. Behin Arditurrira iritsita, kaskoak jantzi eta meazuloan sartzea da plana. 180 metroko pasabidean barneratuz, iluminazio eta soinu jokoek giro magikoa sortuko dute eta gida baten eskutik bertako historia eta garai ezberdinetako aztarnak azalduko dira. Esperientzia ahaztezin hau borobiltzeko, trenean itzuliko dira bisitariak Doneztebe plazara, irteera-puntura.
Sarrera aurretik
Beharrezkoa da sarrera aldez aurretik erreserbatzea. Horretarako, Oiartzungo turismo bulegora jo dezakezu, Aialde, 4. 943 508 913/turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus. Bi irteera-txanda eskainiko ditu Tren Berdeak: goizeko 10:00etan eta 11:15ean.
Prezioak tren bidaia eta Arditurriko bisita hartzen ditu: 12-64 urtekoek, 10 euro; 5-12 urte artekoek, 65 urtetik gorakoek edo hamar lagun baino gehiagoko taldeek, 8 euro, eta 1-4 urte arteko haurrek, 3 euro.