Oiartzun
Oarsoaldeko Energia bulegoak harrera «bikaina» izan du Oiartzunen93 pertsona eta elkartek eskatu zuten hitzordua iaz, energia faktura murrizteko edota instalazio berriztagarrien inguruan galdetzeko nagusiki
Elena Viñas
oiartzun.
Asteazkena, 26 otsaila 2025, 20:06
Oarsoaldeko Energia Bulegoa tokiz aldatu zuten iaz Oarsoaldeko Garapen Agentziak eta Oiartzungo Udalak, herritarrei zerbitzu «gertukoagoa eta erosoagoa» eskaintzeko. Ordutik, astelehenero Mendiburu kaleko udal bulegoetan egoten da energian aditua den teknikari bat, oiartzuarrek elektrizitatearen eta gasaren inguruan dituzten zalantza denak argitzeko. Hala jakinarazi dute udal arduradunek, atzo argitaratutako prentsa ohar baten bidez.
Oiartzuarrek energia kontsumo jasangarriago baten aldeko interesa eta konpromisoa erakutsi dute, eta bide horretan, Oarsaldeko Energia Bulegora herritarren beharrei erantzuteko tresna «baliagarri» bihurtu da. Oiar-tzuarrak bulegora lehen unetik gerturatu dira eta hitzordu kopurua nabarmen igo da. 93 herritar eta elkartek eskatu zuten zita 2024an, aurreko urteetan baino hiru bider gehiago (2023an 27 kontsulta izan ziren).
Erabiltzaileen artean emakumeak izan dira nagusi (59%). Kontsulten %96 partikularren egin dituzte, %2 enpresek eta beste %2 elkarteek.
«Astelehenero ematen du zerbitzua, 09:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 16:00etara, Mendiburu kaleko 3. zenbakian»
Faktura murrizteko bidea
Jasotako kontsulten gaiari dagokionez, %68 energia fakturen azterketa eta optimizazioarekin eta tarifen inguruko aholkularitzarekin lotutakoak izan dira, eta %21 energia berriztagarriei buruzkoak.
Bulegoa tresna «baliagarria» izan da elektrizitate eta gasaren fakturak murrizteko. Lortutako aurrezpen ekonomikoaren estimazioak egin dituzte eta argindarraren kasuan, hileko 22,53 euro aurrezten lagundu zaio artatutako oiartzuarrei.
Gasaren kasuan, urtean 540 euro gutxiago ordaintzen lagundu da.
Astelehenero zabalik
Bulegoak irekita jarraitzen duela gogorarazi dute Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak. «Astelehenero ematen du zerbitzua, 09:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 16:00etara, Mendiburu kaleko 3. zenbakian», esan dute arduradunek.
Doakoa da eta aurrez hartu behar da hitzordua, astelehenetik ostiralera 943 344 160 telefonora deituta edo energia@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzita.