Ver fotos
Marea urdinak nagusi xanistebanetan
jendetza ·
Eguerdian 600 lagun inguru elkartu dira bazkaltzera, Doneztebe plazanegiar
Larunbata, 6 abuztua 2022, 18:27
Oiartzuarrek topera bizitu dituzte aurtengo herriko festa nagusiak eta horiek iraun duten bost egunetan hamaika ekitaldi izan dira Oiartzungo kaleetan, eta gaur ere halaxe gertatu da.
Gaur, Haurren Eguna, Kontzejupean zegoen hitzordua goizean goiz. Esku pilotako finalak jokatu dira, ikusmin handia sortuz. Herriko pilotari gazteenetatik hasi, eta helduenetaraino, partida bikainak ikusi ahal izan dira. Hona hemen emaitzak: Apezetxea-San Jose 16, Egiguren-Lasa 8; Etxepare-Lorenzo 18, Etxepare-Lorenzo 15; Ormaetxea-Bergara 15, Arizabala Caetano 18; Olaiz-Goia 22, Hevia-Etxeberria 20; Etxeberria-Mitxelena 22, Zabaleta-Aranburu 16; Aranburu-Mitxelena 19, Sein-Sein 22.
Gero, 40 gaztetxoren danbor hotsak zabaldu dira herriko kale nagusietan barrena. Hogeita hamaikagarren edizioa izan da gaurkoa, bada zerbait. Urtez urte Ergoiengo Festa Batzordeko eta Haurtzaro Ikastolako kideek gogotik lan egiten dute dena dotore atera dadin eta ederki asmatzen dute, bai horixe. Erribere kaletik gora egin dute bidea gazteek. Aurrean danborrak joan dira, erdialdean musikariak, eta atzean barrilak. Done Eztebe plazara ailegatzeko, urrundik soma zitekeen arkume erreen usaina. Plazan bertan jo dituzte azken abestiak danborrariek, baina haien egunak oraindik bazuen zer eman. 11:30ean erraldoien kale buelta izan da, eta ordu bete lehenago danborrekin zebiltzan haurrak erraldoien inguruan dantzan aritu dira.
Eguerdian, berriz, marea urdinak jantzi dute festako gunerik garrantzitsuena, Doneztebe plaza. Hantxe 600 lagun inguru, bada zerbait ere, bildu dira bapo bazkaltzera. Ederki gozatu dute denek urtean behin egiten den festa handi horretan. Paella eta arkumea jan ondoren, txarangarekin ederki ibili dira dantzan, herriko kaleetatik barrena, umore ona bazter guztietan zabalduz. Ardi Latxa elkarteak ederki asmatu du beste behin ere, antolaketa bikainarekin. Parte hartzaileen merezitako txalo zaparrada jaso dute ekitaldiaren amaieran.
Arratsaldean umeek izan dute hain gustuko duten parkeaz gozatzeko parada. Quad pista, super jumping, basetxe ludoteka... eta txokolatada 18:00etan. Haurrengatik balitz, Xanistebanek hilabete iraungo lukete. Bestalde, XXV. Truk Txapelketak Tolaita tabernan. Irabazleek, ohiko txapelaz gain, mariskada eder bat eta bi kaba botila eraman dituzte etxera. Bestalde, Oiartzungo Asanblada Feministak antolatuta, 'Gu Agustina' ikuskizuna izan da Beheko Plazan. 19:00etan, berriz, Aitor Txiki XIII. areto futboleko txapelketaren finalak izango dira Elorsoro kiroldegian, Peloton Delta eta Hollywood 7 taldeak aurrez aurre.
Gauean, zezensuzkoak argituko dute plazako iluntasuna, Lartaun Txistulari Taldeak 'Idiarena doinuz' lagundurik. Azkenik, Laiotz taldearekin aurtengo xanistebanei agur esateko tenorea iritsiko da.
Xanistebanetako azken egunean herritar ugari animatu dira etxetik atera eta festetan parte hartzera. Arratsaldetik, kale guztiak jendez gainezka ikusten dira, festa giroan. Gauean ere oiartzuarrek ez dute huts egingo eta afaldu ondoren asko eta asko animatuko dira Laiotzekin dantzan aritzera. Txosnen gunean, ziurrenik, goizaldera arte zabalduko da jaia, Merina Gris, Yogurinha Borova eta Hamabi taldeei esker. Hamabi talde oiartzuarrek bere lehenengo kontzertua eskainiko dute herrian.
Asteartean hasi eta larunbata bitarte, haur, gaztetxo, gazte eta helduek ederki gozatu dute xanistebanetan. Izan ere, herriko Festa Batzordeak bete-betean asmatu du beste behin ere hain egitarau oparoa prestatuz. Zorionak denei. Orain herria, pixkanaka, bere onera etortzen hasiko da: kaleak garbitu, eszenatokiak jaso… Balorazioa egiteko unea ere iritsiko da.
LXXIV. Xanisteban Saria, igandean
Lartaun Zikloturista elkarteak antolatuta Oiartzungo Udalaren laguntzaz, igande goizean jokatuko da LXXIV. Xanisteban saria, 23 urte azpiko eta elite mailako txirrindulari onenekin. Goizeko 10:00etan abiatuko dira Doneztebe enparantzatik ehunetik gora txirrindulari eta azkeneko urteetako ibilbide antzekoa egin beharko dute.
Karreran oiartzuar bakarra ikusiko dugu: Gexan Albisu Etxebeste. 2002an jaiotako txirrindulari gaztea mendiko txirrindularitzan aritu ohi da, baina ez du herriko lasterketan huts egin nahi izan. Gogo handiz iritsiko da zitara, eta iazko arantza atera nahiko du, ez baitzuen lasterketa amaitzerik izan. Ea zorte ona duen.
Lartaun Zikloturista Elkarteak dei berezia egin die bazkideei laguntzera joateko, lasterketa normaltasunez egin ahal izateko. Goizeko 08:30ean elkartuko dira Doneztebe plazan, hainbat lan bideratzeko: bidegurutzeak zaindu, helmugaren eremuan hesiak jarri edo lasterketan epaileei lagundu, besteak