'Kulturaz bete arte' jardunaldia, maiatzaren 7an
Herriko kulturgintzaren inguruan egindako hausnarketa partekatu, iritziak trukatu eta beste esperientziak ezagutzea da helburua
GOIZARIN
Oiartzun.
Domingo, 24 de abril 2022, 00:07
Herriko kulturgile eta kulturzaleentzako 'Kulturaz Bete Arte' jardunaldia antolatu du maiatzaren 7rako Kulturaz Bete Arte Herri Dinamikak. Iazko apirilean Oiartzungo kultur eragileen lehenengo asanblada egin zen, Udalak deituta, Landetxeko kultur aretoa egiten hasia zela aitzakia hartuta, Oiartzungo kultur ereduaren inguruan pentsatzeko: aretoaz eta aretoaren kudeaketaz hitz egiteko, baina batez ere, herriko kulturgintzaren inguruan hausnartzeko.
Publicidad
Galdera horiek erantzuteko lau asanblada egin ziren. Haietan, «Oiartzungo kulturgintzak izatea nahiko genituzkeen ezaugarriak eta balioak» zehaztu ziren (euskalduna, feminista, herritarra, herrigilea, parte-hartzailea, horizontala, sortzailea, inklusiboa) eta hausnarketa-prozesua arinago joateko, talde eragile bat sortu zen, behin-behinekoa. Hiru helburu jarri zitzaizkion talde horri: Oiartzungo kulturgintzaren eta eraikin berriaren kudeaketa-eredua aztertzea, Oiartzungo kultur proiektua diseinatzea eta bi zeregin horiek posible egingo dituen antolakuntza egituratzea. Talde eragile eta asanblada horien ondorioz sortu da Kulturaz Bete Arte Herri Dinamika.
-
9 45ean. Ateen irekiera.
-
10 00etan. Sarrera.
-
10 10etik 11:15era. 'Antolaketa eredu berriak arakatuz', Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Beñat Irasuegirekin (Talaios Koop.).
-
11 45etik 13:45era. 'Esperientzien plaza. Besteak Entzunez gurea eraiki', Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriarekin.
-
14 00etan. Bazkaria.
-
16 00etan. 'Pagoarte: Abangoardia kulturala Oiartzunen'.
-
17 00etan. 'Haripiloak' antzerki pieza laburra Luix Mitxelena eta Lohizune Telletxearekin.
Jardunaldia
Talde eragilearen lehendabiziko lanetako bat izan zen herriko kultur eragileen zerrenda egitea eta banaka elkartzea horiekin, prozesua ahalik eta eragile gehienen artean osatu eta elkarren berri izateko. Beste bi lan nagusitan ere aritu da talde eragilea orain arte: kultur proiektuan (orain arteko kulturgintzaren gakoak identifikatu, artikulazio berri baterako oinarriak jarri, 2023ra bitarteko programazioa pentsatu...) eta kultur kudeaketan. «Gure herrira egokituko den eredua sortzeko beharra, beste herrietako ereduetatik ikasteko aukera, baliabideak kudeatzeko modua, bideragarritasun ekonomikoa... izan ditugu hizketagai».
Atera diren ideia, hausnarketa eta zalantzei erantzuna emateko asmoz sortu da maiatzaren 7rako Kulturaz Bete Arte jardunaldiaren proposamena. «Uste dugu herriko kulturgile eta kulturzaleok erabaki behar dugula kultur eredu berri hori zertarako, nork eta nola egin behar duen. Jardunaldien helburua, beraz, gai horien inguruan janztea da, jakintza elkar banatzea eta herritarrok ahalduntzea».
Saioen kokapena
Antolatzaileek zehaztu dute goizeko saioak udaletxeko areto nagusian izango direla. «Bazkaria (dohainik) eta arratsaldekoak, Arizmendieneako lorategian izango dira, eguraldiaren arabera», gaineratu dute. Antolaketa lanak errazteko, maiatzaren 4a baino lehen izena emateko eskatu dute. Informazio gehiago nahi duenak kulturazbetearte.oiartzun.eus web orrian topatuko du. Izena emateko ekarpenak@oiartzun.eus helbidera idatzi daiteke edota 943 49 01 42 telefono zenbakira deitu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión