Borrar
Burrunbak alaitu ditu ikastolako bazterrak. GOIZARIN

Ihoteek izan duten euren tartea Oiartzunen

Asteburu honetan zen ospatzekoa festa, baina ez da posible izango; hala ere, ikastetxeek bilatu dute modua

GOIZARIN

Oiartzun

Viernes, 5 de febrero 2021, 20:25

Comenta

Asteburu honetan ez da Ihote Festarik ospatuko Oiartzunen. Covid-19ak eragindako egoera berriak galarazten du hain errotua dagoen ospakizuna egitea. Nolanahi ere, herriko bi ikastetxeek modu seguruan ospatu dute ostiral honetan Ihote festaren hasiera.

Haurtzaro Ikastolan, esate baterako, goizean Zomorrozinkoren bihurrikeriak nabarmenak izan dira. Pasilloetan zein gela askotan zeuden zaku jantziak hankaz gora topatu dituzte ikasleek. Hala ere, ez dira kikildu eta den-denak mozorrotu dira eta primeran igaro dute goiza nahiz arratsaldea. «Urtero ospatzen ditugun jai hauek, aurtengoan, modu berezi batean antolatu ditugu, bizi dugun pandemiak horrela behartuta», jakinarazi du Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendariak. «Gure kurrikulumari eta euskal ohituren lanketari eutsiaz, modu seguru batean ospatu ditugu ikastolan ikasleekin. Egoerak egoera, ohitura hauen lanketan eta gure kultura bultzatzen jarraitu beharra dugu ikasleekin», nabarmendu du zuzendariak. «Bizi dugun egoera aintzat izanda, festa guztia ikastolako eremura mugatu dugu, dagoeneko martxan ditugun segurtasun neurriei eutsiaz», azpimarratu du.

Goizean, Ikastolako ttikienak izan dira protagonista. Anfiteatroan ibili dira dantzan, giro ederrean. «Intxixu baten bisita ere izan dugu eta harekin batera kalejiran ibili gara», ziurtatu du Izaskun Sistiagak, HHko koordinatzaileak.

Burrunba, arratsaldean

Arratsaldean, berriz, urteroko Burrunbak ez du huts egin. Herritik barrena ez da ibili Ihoteei deia eginez, baina bai Ikastolako kanpoko eremuan. «Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek osatu dute batukada, curriculumaren lanketa baliatuz», argitu du Gonzalezek. Gaztetxoek giro bikaina zabaldu dute Ikastolako bazterretan, bai horixe!

Elizalde Herri Eskolan ere

Goizean goiz Urmendi Haur Eskolako ttikiak ere zakuz jantzi eta festarako prestu dira. Elizalde Herri Eskolako ikasleek ere ez dute huts egin eta Ihote festa ospatu dute, «oso modu xumean», zioen Andoitz Apaolaza zuzendariak. «Guraso Elkarteko kideak ere mozorrotu dira eta ikasleekin batera hor aritu dira zirikatzen», argitu du. «Dantza batzuk ere burutu ditugu, beti ere, segurtasun distantziak mantenduaz», aitortu du. Oiartzunen hain errotuak dauden banderak ere bota dituzte, ikastetxean estanpa polita sortuz.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ihoteek izan duten euren tartea Oiartzunen

Ihoteek izan duten euren tartea Oiartzunen