Gazte Izanak elkarteko erretiratuak Galiziara doaz bihar astelehenean
Oiartzungo Gazte Izanak elkarteko erretiratuak bihar irtengo dira Galiziako hainbat txoko ezagutzera. Zazpi eguneko bidaia egingo dute irailaren 26tik urriaren 2ra bitarte
GOIZARIN
Igandea, 25 iraila 2022, 00:12
Oiartzungo Gazte Izanak elkarteko erretiratuak bihar irtengo dira Galiziako hainbat txoko ezagutzera. Zazpi eguneko bidaia egingo dute irailaren 26tik urriaren 2ra bitarte. Besteak beste, Compostelako Done Jakue hiria eta A Coruña hiriak bisitatuko dituzte.
Arrakasta handia izan du bidaiak. «Izena emateko egunean bertan bete genuen autobusa», jakinarazi du Fermin Lorza Gazte Izanak elkarteko lehendakariak. «Guztira 59 lagun joango gara», gaineratu du.
Bidaiari dagokionez, Gazte Izanak elkarteko bazkideek zazpi egunetan hauxe dute programatua: bihar 6:30ean Haurtzaro Ikastolako aparkalekuan elkartuko dira eta autobusez irtengo dira Galizia aldera. Hainbat geldialdi egin ondoren, Catedrales izeneko hondartza famatua bisitatuko dute, Galiziako sarreran. Gero, Costa da Morten hartuko dute ostatu. Asteartean, A Coruñan bisita gidatua egingo dute. Asteazkenean, Camariñasen barrena ibiliko dira; Muxiako santutegia ere bisitatuko dute Azkenik, Cormera iritsiko dira mariskoa dastatzera.
Ostegunean, Compostelako Done Jakue hirian bisita gidatua egingo dute, baita katedrala ezagutu ere. Ostiralean, bisita interesgarriak egingo dituzte, hala nola: Muros herria; Carnotako horreoa; Ezaro ur-jauzia; Finisterre herria eta bertako itsasargia, non erromesek amaitzen duten Done Jakue izeneko bide ospetsua. Larunbatean, Buño eta Malpicara gerturatuko da Oiartzungo espedizioa. Azkenik, igandean etxerako bidea hartuko badute ere, Betanzos ezagutzeko parada izango dute.