Gaueko Xorrola berezia egongo da Xanistebanetan
Zortzi auzoetara iritsiko da eta gaueko 00:00etatik 06:00etara eskainiko du zerbitzua
EGIAR
Ostirala, 29 uztaila 2022, 00:04
Aurtengo Xanistebanetako berrikuntza nagusia herri barruko gaueko autobus zerbitzua izango da. Xorrola berezi hori herriko zortzi auzoetara iritsiko da. Festetako bost gauetan, 00:00etatik 06:00etara eskainiko du zerbitzua autobusak, orduro. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak gaueko zerbitzuetarako zehazten duen prezioa izango du, 2 euro alegia.
Oiartzungo Udalak herriko festetan zehar mugikortasunean segurtasuna handitu nahi du horrela, alkohola kontsumitu duten pertsonek autoa ez hartzeko eta etxerako bidean emakumeen segurtasuna hobetzeko. Biblioteka ondoko autobus geltokitik abiatuko da eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo. Hau izango da ibilbidea: Elizalde (biblioteka ondoko geltokia), Gurutze (Bizardia plazako autobus geltokia), Ergoien (Tornola kaleko autobus geltokia), Altzibar (Zokoloko zubia), Karrika (plazako autobus geltokia), Iturriotz (Beko soro pareko autobus geltokia), Ibarre (gasolindegiko geltokia), Elizalde (Pikabeneko geltokia), Ugaldetxo (Intxixu pareko autobus geltokia), Arragua (Lartzabal etxadiko geltokia) eta Mendin (frontoi gaineko geltokia).
Horrez gain, ohiko Xorrolaren ordutegia ere zabalagoa izango da abuztuaren 2tik 6ra: 07:10ean hasi eta 22:40an bukatuko da (Arraguako ordutegia). Geltokietan ere aldaketak izango dira, kale mozketak direla eta. Manuel Lekuona etorbideko (anbulatoria) eta Yon Oñatibiako geltokiak ezabatuko dira eta Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasatuko dira.
Bestelako aldaketak
Bestalde, trafikoan eta hondakinen bilketan ere aldaketak izango dira Xanistebanetan. Manuel Lekuona etorbidea itxita egongo da abuztuaren 2tik 6ra. Horregatik, bertan edo Yon Oñatibia kalean garajea duten bizilagunek Rafael Pikabea kaletik sartu beharko dute. Sartu-irtenak arazorik gabe egiteko, Udaltzaingoan eskuratu daiteke baimena.
Hondakinen bilketan ere aldaketak izango dira eta, gauez bildu beharrean, hurrengo eguneko goizean bilduko dira honako kale eta plaza hauetan: Donibane, Mendiburu, Putxutxoerreka, Aialde, Kontzejupe, Kontzejuerreka, Rafael Pikabea etorbidea (1, 3, 5, 7 eta 10), Done Eztebe, Landetxe, Kazkazuri eta Euskal Herria. Bertako bizilagunek 08:00etatik 09:00etara jaitsi beharko dituzte hondakinak, eta biltzaileak 09:00etan hasiko dira lanekin. Abuztuaren 3an papera eta kartoia jasoko dute, abuztuaren 4an organikoa, abuztuaren 5ean ontzi arinak, abuztuaren 6an organikoa eta abuztuaren 7an errefusa. Egun berean gauean berriro ohiko zerbitzuari ekingo zaio, eta organikoa jaitsi beharko da.
Iturriozko festak
Aurtengo Santiyuak bi asteburutan banatu zituen Iturriozko Jai Batzordeak. Bada, lehenengoa arrakastatsua izan bazen, bigarrena ere halakoxea izatea espero da. Gaur bertarako programazio zabala dago antolatuta: eguerdiko 14:00etan jubilatuen bazkaria izango da, arratsaldeko 16:00etan pilota partidak, 17:30ean ur festa, 18:30ean txokolada, 19:00etan pintxo-potea, 20:00etan enkartela, ondoren ogitartekoak afaltzeko aukera egongo da eta 22:30ean kontzertu bikainak izango dira. Lehenik eta behin Gozo-gozo erromeria taldeak joko du, Los Zopilotes Txirriaus talde famatuaren txanda izango da hurrena, eta haien ostean Dj Elizkoiak-ek girotuko du auzoa.