Bihartik hasita, herritarrekin bilduko da Oiartzungo Udala
Altzibar auzoan izango da lehendabiziko bilera, arratsaldeko 19:00etan
GOIZARIN
Asteazkena, 28 iraila 2022, 00:12
Auzo batzarrak Udalak eta auzotarrek elkarrekin aurrez aurre eta zuzenean hitz egiteko momentua eta tokia izaten dira. Udalak urtero, udazkenean auzotarrekin biltzeko ohitura du eta aurten ere horrekin jarraituko duela adierazi du Jexux Leonet alkateak. «Auzo batzarrak aukera paregabea dira Udalaren eta herritarren arteko elkarlana sustatzeko. Guztiok batera herriko eta auzoetako egoeraren inguruan hausnartu eta erabakiak hartzeko», jakinarazi du.
Udalaren, herriaren eta auzoen egoerari buruzko informazio orokorra emateaz gain, bukatzear dagoen legealdiko balorazioa egingo dute udal ordezkariek. 2023 urterako aurrekontu proposamena ere aurkeztuko dute eta bizilagunen proposamen eta ekarpenak jaso eta lehentasunak zehazteko aukera ere egongo da saioetan.
Lehendabiziko bilera Altzibarren ospatuko da bihar arratsaldeko 19:00etan. Altzibarren, auzoa biziberritzeko lanen egoeraren berri emango dute eta Udalak bertan egin nahi duen frontoiaren proiektuaz ere hitz egiteko aukera izango da.
Auzo batzarrak «Oiartzun elkarrekin eraikitzeko» bidea direla azpimarratu du Jexux Leonet, Oiartzungo alkateak. «Herri bizia eta kohesionatua sortzeko balio dute, iritzi ezberdinak partekatu eta adostasunetara iristeko aukera ematen baitute». Horregatik, «bileretan parte hartu eta beraien proposamenak egitera», animatu ditu oiartzuarrak, «guztion artean Oiartzun hobetzen jarraitzeko».
Egutegia
Bihar hasi eta urriaren 6ra bitarte izango dira saioak, arratsaldeko 19:00etan. Biharko bilera Altzibarren izango da, goiko eskoletan; Arraguan urriaren 3an izango da, frontoi ondoko lokalean; Karrika auzoan ere urriaren 3an izango da, Artaso elkartean; Ergoien auzoan, urriaren 4an, Auzokalte elkartean; Ugaldetxon ere urriaren 4an jarri dute hitzordua, Isasti auzo lokalean; Gurutzen, urriaren 5ean, Bizardia elkartean; Iturriotz auzoan ere urriaren 5ean, Argiñeneko auzo lokalean; azkenik, Elizalde auzoan izango da azken auzo batzarra, urriaren 6an udal areto nagusian.