Bihar jokatuko du Oiartzunek Euskal Herriko Herriarteko aurrefinala Gasteizen aurka
EGIAR
Larunbata, 16 uztaila 2022, 00:01
Oiartzungo pilotariek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala irabazi zutenetik hiru aste igaro dira, baina oraindik loria gehiago dastatzeko gogoz daude. Hain zuzen, bihar izango dute horretarako beta, 11:00etatik aurrera, Zumarragako Beloki pilotaleku ezagunean. Horretarako, lehenik eta behin Arabako txapeldun izan zen Gasteizen aurka irabazi beharko dute Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako aurrefinala. Zalbidiarrak, amezketarrak, hernaniarrak eta azpeitiarrak kanporatu ostean, gasteiztarrei aurre egiteko ordua iritsi da.
Azken orduko ezbeharrik ezean, honako pilotari hauek kantxaratuko ditu Asier Retegi hautatzaileak: Oihan Etxeberria eta Manex Olaiz kadete mailan, Oier Zabaleta eta Unax Landa jubenil mailan eta Imanol Ugalde eta Eneko Zalakain senior mailan. Kadeteetan Azpeitiaren aurkako finala jokatu zuen Mikel Leonet atzelariak ez du jokatuko, eta Olaiz arituko da haren ordez. Jubeniletan eta seniorretan, berriz, Gipuzkoako finalean aritu zen bikote bera kantxaratuko du Retegik. Arabarren senior mailako pilotariak maila handikoak dira; hortaz, gazteenak izango dira duten guztia eman beharko dutenak.
Bihar garaipena lortuz gero, hurrengo astean izango litzateke Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako final handia, gaur bertan jokatuko den beste aurrefinaleko irabazlearen aurka. Baztan (Nafarroa) eta Markina-Xemein (Bizkaia) izango dira aurrez aurre. Norgehiagoka hori ere Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da, eta finala ere bai.
Oiartzunek 2013an jokatu zuen azkeneko aldiz Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa. Ordu hartan ere Arabako irabazlearen aurka egitea egokitu zitzaien herria ordezkatzen zuten pilotariei, Amurrioren aurka hain zuzen ere. Aurrefinal hori joan-etorriko formatuan jokatu zen, eta orotara 4-2 irabazi zuen Oiartzunek. Finalean, ostera, Iruñearen aurka 0-3 mingarri bat jaso zuten.
Hala ere, iraganeko emaitzek ez dute baliorik izango biharko aurrefinalerako. Oiartzungo pilotariak dena ematera irtengo dira kantxara, eta zaleen babesik ere ez zaie faltako. Oiarpek autobus bat antolatu du.