Aurtengo Xanistebanetan ere egitarau feminista izango da
Hitzaldia, bazkaria, bertso-saioa... denetariko ekintzak antolatu dituzte
EGIAR
OIARTZUN.
Osteguna, 21 uztaila 2022, 00:03
Xanistebanetan talde ezberdinek beraien egun propioak izaten dituzte. Oiartzungo Asanblada Feministak, aldiz, herriko festek irauten duten bost egunetarako egitaraua prestatu du. Xanistebanak morez margotu nahi dituzte. Abuztuaren 2an, agerraldi feminista egingo dute herriko plazan, arratsaldeko 18:30ean, txupinazioaren aurretik. Abuztuaren 4an, bazkari begano feminista izango da lehenik, eguerdiko 14:30ean, eliza ondoan. Sarrerak kastron daude salgai, 15 euroan. Haur eta langabetuak 12 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkariaren ostean, arratsaldeko 17:00etan, bertso saio feminista ospatuko da, hori ere eliza ondoan. Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak izango dira bertan.
Abuztuaren 5ean, berriz, 'Hariak, jostorratzak eta zauriak' ahozko narrazio saioa egingo da Arizmendienean, arratsaldeko 18:00etan, Mireia Delgadoren eskutik. Azkenik, 'Gu agustina' ikuskizuna prestatu dute abuztuaren 6rako, Beheko plazan. Ekintza guztiak irisgarriak izango dira.
Egitarauaz gainera, txoznagunean txozna feminista jarriko dute. Bestalde, Xanistebanetan inolako eraso sexista, lgtbiq+foborik edo arrazistarik ez dela onartuko adierazi dute, eta eraso matxisten aurkako protokoloaren nondik norakoak QR kode baten bidez zabaldu dituzte. Egitarauaren kartelean aurki daiteke QR kode hori.
Gazte eguna
Gazteak ere buru-belarri dabiltza haien egunerako prestaketekin, eta hurrengo ostegunean (hilaren 28an) izango da kamiseten banaketa eta arduradunen bilera, Arizmendin. Arratsaldeko 17:30ean banatuko dira kamisetak, eta 19:00etan egingo dute bilera kuadrilla bakoitzeko arduradunarekin. Kuadrilla bakoitzak izango dituen arduren azalpena egingo da.
Bazkariaren eta kamisetaren ordainketa egiteko bi modu daude: batetik, kamiseta jasotzeko momentuan bertan ordaindu daiteke, kuadrillak eskatutako kamiseta guztien diru kopuru justua emanda. Bestetik, aldez aurretik ordainketa transferentzia bat eginda, uztailaren 27rako beranduenez. Kontzeptuan kuadrillako arduradunaren izena eta kamiseta kopurua adierazi behar dira, eta transferentzia ES22 3035 0126 68 1260048618 kontu korronte zenbakira egin behar da.