Lezo
UEMAren elkarretaratze deialdiarekin bat egin dute Lezoko eta Oiartzungo udalekEspainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko egingo dira eguerdiko 12:00etan
EAEko Auzitegi Nagusiak Udalen Legean euskararen normalizazioa helburu duten artikuluak baliogabetu egin zituen 2023an. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri ondoren, ostegunea, Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota zituen arkitulu gehienak eta euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi zuen sententzian. «Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko eta euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko», UEMAk agerraldia egin zuen ostegunean eta mankomunitateko kide diren herrietan elkarretaratzeak deitu ditu larunbaterako, 12:00etan.
«Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian», azaldu du UEMAk. «Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte».
Lezoko Udalak bat egin du adierazpenarekin eta euskararen normalizaziorako, biziberritzeko eta eskubideen aldeko lana egiten jarraituko duela adierazi du. Horregatik, 12:00etan, udaletxe parean egingo den elkarretaratzera deitu ditu herritar guztiak, 'Euskararekin bat' egitera.
Oiartzungo bi udal taldeek ere bat egin dute eta hala, eguerdiko 12:00etan Oiartzungo udaletxearen aurrean elkartzera animatu dituzte herritarrak. «Ez diogu uko egingo euskaraz bizitzeari», gaineratu dute.
Joana Mendiburu alkateak eta Janire Mitxelena EAJ-PNV taldeko bozeramaileak adierazi dutenez, epaia «oso larria» da. «Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere bada, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen du». Gainera, epaiak batez ere Oiartzun bezalako udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela nabarmendu dute.