Dena prest du Orereta Ikastolak bihar Errenterian Kilometroak jaia ospatzeko

Trenez edota autobusez gerturatzea aholkatu dute antolatzaileek baina bi aparkaleku ere prestatu dituzte

DV

Sábado, 30 de septiembre 2023, 07:33

Urte osoan ardatz izan duten 'Erriola' lelopean, Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 47. edizioarekin biribildu nahi dute bihar Errenteriako Orereta Ikastolakoek 2023ko Kilometroak. Egitarau anitza osatu dute horretarako herriko lau gune nagusitan banatuta eta betiere euskara eta euskal kultura erdian jarrita: Lino, Agirre lehendakariaren plazan; Esmalteria, Koldo Mitxelena plazan; Galletera, Gernika plazan; eta Errioa Iztieta pasealekuan.

Publicidad

Goizeko 10:00etan ekingo diote festari hasiera ekitaldi instituzionalarekin eta 11:00etatik aurrera, musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak eta kale animazioa, Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko Erronka, jantokian bazkaria eta txosnetan ogitarteko zein bestelako jakiak, tonbola... izango dira. «Gune nagusiez harago, jende mareak ibiliko dira herrian zehar, animazioak lagunduta, ekitaldi batetik bestera -nabarmendu dute Oreretako Ikastolakoek-. Eta ondorioz, azpiguneetan ere hitzordu andana izango dira. Besteak beste, Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa galdu ezineko guneak izango dira».

Festara garraio publikoan hurbiltzea gomendatzen dute antolatzaileek, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita; baina hala joan ezin dutenentzako bi aparkaleku nagusi ere jarriko dira: Pasaiako Portua eta Txirrita-Maleo industrialdea. Kontuan izan goizeko 8:00etatik 22:00etara trafikoa moztuta egongo dela honako guneotan: Maria Lezo-Andoni Korta bidegurutzea, Nafarroa etorbidea, Biteri-Juan de Olazabal bidegurutzea eta Lezoko zubia.

Bestalde, batean eta bestean izango diren ogitarteko, talo, pintxo eta bestelakoez gain, eserita bazkaltzeko modua ere izango da, Fernandez De Landa plazako aterpean 13:00etatik 15:00etara jarriko duten jantokian (Koldo Mitxelena ikastetxea). Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu ahal izango dira Kilometroak.eus webgunean; baita egunean bertan jantokian ere.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad