#Axular komunitatea Instagramen
Errespetuz jokatzea ahalbidetzen digun espazioa da, betiere, irakasleek gainbegiratzen dituztelako
AXULAR LIZEOA
Miércoles, 3 de noviembre 2021
Ikasle eta irakasleen arteko harremana zeharo aldatu dela esaten digute gurasoek. Sare sozialen bidezko harremana pentsaezina zela komentatuz. Izan ere, ikastolaz kanpoko harremana oso mugatua zen. Baina egun, irakasleak bidelagunak direla ulertuta, sare sozialetan 3.0 komunitatea osatzen dugu denok, ikasle eta irakasleek.
Adibidez, Axularreko sare sozialen parte gara eta batez ere Instagramen elkartzen gara: @axularlizeoa, @axularnews, @axularisturinft @overclockaxular… Klasean egiten ditugun proiektuak amankomunean jartzen ditugu, lehiaketetan parte hartzen dugu, iritziak partekatzen ditugu eta aske sentitzen gara komunitatean. Errespetuz jokatzea ahalbidetzen digun espazioa da, betiere, irakasleek gainbegiratzen dituztelako.
Momentuan indarrean dauden Tik-Tok bideoak ikastolako ekosistemarekin elkartzeak grazia berezia du. Askotan adinak sortutako eten digitalak mundu desberdinetan bizi garela sentiarazten gaitu baina sare sozialek eten horrekin bukatzen dute. Elkar ezagutzeko tresna ideala da, irakasleengana hurbiltzen gaituen ezinbesteko baliabidea gaur egun, ondo pasatzen dugulako, interesak partekatzen ditugulako eta harreman globala lortzen laguntzen digulako.
Topagune birtual hauetan ikastolaz kanpoko gaiak jorratzen ditugu. Filmak, serieak, musika, gertakizunak eta albiste diren gaiak izaten dira bertan partekatzen ditugunak. Orain zuek ere badakizue non gauden, zergatik ez zarete gure komunitatearen parte izatera animatzen?