Zientzia eta bertsolaritza, elkarrekin Zarautzen, Bergaran eta Ordizian

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, artxiboko argazkian./TXEMA
Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, artxiboko argazkian. / TXEMA

Astearte honetan abiatuko da Bertsozientzia ekimenaren laugarren edizioa

Bertsozientzia ekimenaren laugarren edizioak zientzia eta bertsolaritza elkartuko ditu berriro maiatz honetan. Egitasmoak itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi diziplina elkartu nahi ditu, eta Gipuzkoan izango da lehen aldiz. Ekimena asteartean hasiko da, maiatzaren 15ean, Zarautzen, ostegunean jarraituko du, hilaren 17an, Bergaran, eta maiatzaren 25ean amaituko da, Ordizian.

DIPC (Donostia International Physics Center), EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, ZarautzOn elkartea, Bergarako Laboratorium Museoa, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia eta Bergarako, Ordiziako eta Zarautzeko udalak dira antolatzaileak.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, «Jakinduriek mundue erreko dau» izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko dituzte emanaldiek eszenatoki berean, hain desberdinak diren bi unibertso elkartzeko, haien mugak gainditzeko eta publiko berrietara iristeko.

Hain zuzen ere, laugarren edizio honetako programaren barruan, hamar minutuko hitzaldi zientifikoak eskainiko dira, euskaraz. Gaiak aurkeztu ondoren, zientzialariaren hipotesiak bilduko dituen bertso bat inprobisatu beharko dute bertsolariek.

Topaketak arratsaldean izango dira, eta bertsolari handiak elkartuko dituzte, besteak beste, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi eta Andoni Egaña. Bertsolariek errima jarri beharko diete beren esparruan erreferentzia diren hainbat zientzialarik azaldutako gaiei; zientzialarion artean egongo dira Ainara Sangroniz EHUko Polymat Institutuko ikertzailea, Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko ikertzailea eta irakaslea eta Olatz Pérez de Viñaspre EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeko ikertzailea).

Anjel Alkain aktore eta umorista izango da hiru saioetako zeremonia maisua, eta emanaldiak dinamizatzeaz eta bertaratzen direnen parte hartzea sustatzeaz arduratuko da. Hiru egunetarako sarrera doan izango da, aretoak bete arte.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos