Zenbakiek sorginduta
Beti izan dute zenbakiek izaera arrazionalaz haragoko dimentsio magiko halako bat, baina ez dakit inoiz izan ote zaien gaur diegun fede itsua
Izan ostirala, izan asteartea, ez du fama onik 13 zenbakiak. Zorte txarra omen dakar, saileko 13. filmerako bidean diren 'Friday the 13th' beldurrezko frankizia agorrezinaren jabeentzat izan ezik. 13aren inguruko burutapenek izango dute gaur tokia hedabideetan, errutina errazen agendan txertatuta baitaude 13ak.
Tresna kuriosoa dira zenbakiak, batez ere zenbakiekin harremantzeko zailtasun handiak ditugunontzat. Antzinako zibilizazio nagusi guztiek sortu zituzten sistema numerikoak. Anabasa ordenatzen saiatzeko, tratuak errazteko, ingurua neurri menderagarrietara makurtzeko, errealitatea toki bizigarriagoa bilakatzeko, esango nuke...
Badirudi bertsio bikoitzean iritsi zirela ia denak, arrazionaltasunaren zaindari izan beharko luketen horiek magiatik eta superstiziotik hurbil zeuden mundu paraleloak argitu baitzuten, kasurik gehienetan.
Ziurgabetasun garaiotan, itxuraz sendoak diren heldulekuak eskaintzen dizkigute
Euskaldunok ere ba omen dugu joera hori, 'Euskarak sorgindutako numeroak' liburuan Patziku Perurenak azaldu zuen moduan. Liburua –Ereinek argitaratu zuen, 1999an– ez dut aurkitu, baina horren fitxan «herri literatura guzian, eta batipat haur literaturan, hagitz erabilia» izan dela «numero sorgindu jostaria» irakurtzeak apalategiaren atzealdeko liburu-ilara arakatzeko gogoa piztu dit.
Anumerikoa izan arren, edo izateagatik, arreta handiz maneiatzen ditut askok oiloen artean artoa banatzen ariko bagina bezala botatzen ditugun zenbakiak. Irentsi ere oiloek artaleak bezala irensten ditugu maiz. Paparo faltan, hausnarkariak ere ez garenez, zuzenean iristen zaizkigu urdailera, aurretiko digestiorik gabe. Eta, konturatu orduko, zainetan barrena dabiltza, ehun eta organo guztiak blaitzen; garunak eta bihotzak kutsatzen, sarri askotan.
Seguruenik beti izango zen konplikatua zenbakien izaera bikoitz hori kudeatzea, baina iruditzen zait azken urteotan koska bat gora (edo behera) egin dugula. Argi dago beti izan dutela zenbakiek jatorrizko izaera arrazionalaz haragoko dimentsio magiko halako bat, baina ez dakit inoiz izan ote zaien gaur diegun fede itsua.
Zenbaki bidezko kontakizun intentzioz betea ari da idazten bizi dugun garai arraro honen kronika
Zeharo sorginduta gauzkate, alegia. Ziurgabetasun garaiotan, itxuraz sendoak diren heldulekuak eskaintzen dizkigute. Egiaren faltan, egiantza. Eztabaidak ere arrazoibide landuek baino askoz azkarrago ixten dituzte. Nork egingo dio aurre portzentaje ustez ezeztaezin bati, adierazgarria izatetik urrun dagoen lagintxo bati badagokio ere?
Pandemia, esaterako, zenbakitan kontatu da. Askok pairatu duten (dugun) datuekiko adikzioaz ere hitz egin beharko da egunen batean. Botatzen zaizkigun datu asko oskol hutsa badira ere –zer esan nahi du 541eko intzidentzia tasak, kasurik gehienak zenbatu gabe gelditzen badira?–, pandemia horrela kontatzen jarraitzen dugu.
Zorabiatzeko moduko zenbakitan kontatu dira halaber pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko planak. Baliteke sekula ez izatea handik eta hemendik iritsi diren diru-zaparraden emaitza iraunkorren berri, baina beste helburu batzuk (politiko-propagandistikoak, adibidez) betetzat eman daitezke.
Gutxi batzuk aberasten eta gehienak pobretzen ari den egoera, halaber, zenbaki bidez adierazten diren datu makroekonomikoekin kontatzen eta azaltzen da. KPIak (apirilean %8,4koa izan zen urteartekoa, neu ere sorginduta naukate) itotzen gaitu eta, jakina denez, indize hori Ozeko lurraldean sortzen da, bere kabuz.
Objektibotasunaren izenean, aritmetikaren eta numerologiaren arteko muga lausotzen ari da zenbaki bidezko kontakizun intentzioz betea. Horixe ari da bizi dugun garai arraro honen kronika idazten. Komeni da ez ahaztea, gu geu 'numero jostarien' jostailu ez bilakatzeko, arrisku horren aurrean txikikeria pintoreskoa baita 13a ostiralarekin bat eginda etortzea.