Udazkeneko arnasguneen inguruko nazioarteko konferentziak indarra hartu du
Gaur egun ia erabat euskaraz bizi diren bost udalerriak gipuzkoarrak dira: Abaltzisketa, Baliarrain, Elduain, Orexa eta Zerain
Euskaraz hitz egin ahal izateko, hizkuntzaren ezagutza ezinbesteko baldintza bada ere, beharrezkoak dira era berean eremu egokiak. Euskara eroso eta modu naturalean erabiltzea ahalbidetzen duten tokiak dira arnasguneak, eta Gipuzkoan daude gehienak. Halaber, etxean beti euskaraz aritzen diren euskal elebidunen pisuak gora egin du Gipuzkoan: % 84,9tik % 86,5era.
Publicidad
Honez gain, arnasgune beteen multzoan geratzen diren bost udalerriak Gipuzkoakoak dira. Bost horietatik lau Tolosaldeakoak eta bosgarrena Goierrikoa: Abaltzisketa, Baliarrain, Elduain, Orexa eta Zerain.
Kontua da arnasgune beteetan 5 udalerri baino ez direla geratzen (1.092 biztanle), eta, gainera, % 80 eta % 89,9 arteko tartean daude. Beraz, ez da % 90 eta % 100ekorik geratzen. Gainera, 51 udalerri eta 28.060 biztanle galdu ditu tarte horrek 1991tik 2021era. Bestalde, % 80 eta % 89,9ko tarteak ere udalerriak galdu ditu: 31 gutxiago daude (51.191 biztanle gutxiago).
Euskaldunen erdia erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko da 2036an Siadecoren azterketaren arabera. Honenbestez, Donostiako Udalaren helburuetako bat da «euskararen arnasgune geografikoak babestea eta funtzionalak sortzea».
Arnasguneek hizkuntzen biziberritzean duten garrantzia hizpide izango dute, hain zuzen ere, nazioarteko adituek udazkenean Azpeitian (urriaren 16 eta 17). Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) eta Coppieters fundazioa dira antolatzaileak eta azken egunotako txostenek indarra ematen diote ekitaldiari. Azterketa demolinguistikoen arabera, euskararen nagusitasun eremu horiek guztiz desagertuta egongo dira 2036an eta ez da udalerri bakar bat geratuko kategoria horretan.
Publicidad
Erakundeak hasiak dira dagoeneko zenbait eremu eraiki edo babesten non euskara bermatua egongo den. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera, esaterako, 'Gipuzkoa Arigune' egitasmoa abian dute.
'Gipuzkoa Arigune', abian
Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea ditu xede. Esperimentazio fasean dago. Gaur egun, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerri eta auzo batean pilotatzen ari dira: Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan.
Publicidad
Datuen arabera, euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi. Gazteen artean dago zabalduen euskararen ezagutza: 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da. Beraz, orain arteko joera mantentzen bada, eta etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatuz gero, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. Hori abiapuntu baikorra. Erabilera bermatu behar, izan arnasguneen bitartez edota ariguneak sortuz.
BOEk legeak euskaraz ez argitaratzea salatu egin dute
Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE, gaztelaniazko siglekin) oraindik ez dituela legeak euskaraz argitaratzen, katalanez jada egiten duen arren. Taldeak prentsa ohar batean gogorarazi duenez, Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartzen dituen lege testuak euskaraz zinezko bertsioan argitaratzeko aukera Ganberaren erregelamenduaren aldaketan jaso zela. Horren harira, Diputatuen Kongresuak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten 2024ko abenduaren 3an.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión