Plaza de Gipuzkoa

Tanta hotza

Defuntuen egunaren jiran heldu da DANA Levante aldera. Egunsentirik gabeko gauean murgilduta bertakoak, amaierarik gabeko tunelean. Hilerri flotanteak eta lokatza igerian, etxeko altzariekin eta itxaropenarekin batera. Palaz eta katiuskez hornitutako herritar, agente eta boluntarioak lehorreko txapapotea kentzen. Eta ondotik etorri den haserrea eta agintari askoren eraginkortasunik eza. Hau zen benetako lokaztia, ez bestea. Eta etortzear dagoen hildakoen zifra beldurgarria…

Publicidad

Tragedietan azaleratzen omen da gizakion alderik onena eta txarrena. Txarrena buruz ezagutzen dugu, agintari politiko batzuek beren kalkulu eta interesak lehenesten jarraituko dute, hurrengo hauteskundeak helburu (agintari batzuk beste batzuk baino nabarmenago eta ardura maila handiagoarekin). Dena omen baita politika. Politikakeria, hobeto esanda. Nekez eraiki ahalko da epe laburrean gertatutakoari buruzko kontakizun instituzional zentzuzkorik, horretaz arduratu beharko luketenak bere saltsan daudelako, bere lokatzetan, desinformazioaren tinta beltza isurtzen. Halakoen aurrean bai nabaritzen duzula lepo atzean benetako tanta hotza. Gainezka egiten duena. Alde onena itzalean geratu ohi da halakoetan, letra txikiz idatzia, baina enegarrenez azpimarratu behar dira herritarren, zerbitzari publikoen eta boluntarioen eskuzabaltasuna eta eredua, polarizazio iskanbilatsuaren gainetik.

Harrigarriena da herritar horiek tragedietan ematen diguten irakaspenak ez duela gero hauteskundeetan islarik izaten. «Merezi» omen ditugun agintariak dauzkagula.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad