DBHko ikaslean, gelan.. J. Carrión

Pentsatzen jarrita

Normaltasun berrian ·

Filosofia ezabatuz edo hutsaltasunera kondenatuz nerabe eta gazteei pentsamendu kritikoaren lanketa ukatzea zer da, zigor berri bat?

Viernes, 19 de noviembre 2021, 06:49

Ez goaz ondo. Gaizki-gaizki-gaizki ere ez gaude, ez okerrenean geundenean bezain makur, baina ondo gaudenik ezin esan. Horrenbestez, harrapatu gaitu berriro azken 21 hilabeteetan aldian-aldian zentrifugatu gaituen zirimolak. O santomasak! Ai Durangoko Azoka! Hara Gabonak kolokan! Asteburuko futbol partiduak eta manifestazioak ez ditut aipatu ere egingo, ez ditudala aipatuko esateko ez bada, lehen hamabostaldia amaitu aurretik neukalako beteta, gainezka esango nuke, gauza bategatik ez bada beste bategatik haserretu zaizkidanen kupoa.

Publicidad

Kezka ulertzen dut, jakina, eta etsipenean murgiltzeko tentazioa ere bai, nekagarria baita saria -'normaltasuna' deiturapean amesten dugun bizimodu zahar hura- hatzen puntan daukagunean ihes egiten ikustea. Ez behin bakarrik. Behin eta berriro. Eta berriro.

Ulertzea kostatzen zaidana da horrenbeste jendek ez ulertzea -edo esatea ez duela ulertzen-, zer ari zaigun gertatzen, eta harridura izatea hainbaten erreakzioa. Etsipenezko harridura, edo samindurazkoa, edo sumindurazkoa. Bide batez, azken hori gustatzen zaigu asko kazetarioi.

Pentsatzeak nahasmendua ordenatzen du, eta gauzak ulertzea ere asko errazten du

Betidanik erabili izan dudan lau urratseko metodo sinpleari esker -ezjakintasuna onartu/dakitenek diotena entzun (bakar bat ez da nahikoa) /egiaztatu eta buelta batzuk eman/ondo digeritu- ulertze-kontu gehienak bideratuta neuzkanez, hazten eta indartzen zihoan txundidura olatuari so nengoen azaroaren 18a Filosofiaren Munduko Eguna zela jakin nuenean. Une berean jakin nuen, bide beretik, desagertze arriskuan, edo erabateko hutsaltasunean erortzekoan, dagoela Filosofia DBH eta Batxilergoko ikasgai gisa.

Filosofoak bidelagun

Eta, pentsatzen jarrita, okurritu zitzaidan gauzak ulertzea horrenbeste kostatzen zaigun eta denetariko zurrunbiloek astintzen gaituzten honetan ez ote zaigun komeni justu kontrakoa. Ez al da pentsatzeko gaitasuna lantzea mundu aldrebes eta zaratatsura irteten ari diren nerabe eta gazteek behar dutena? Ze mundua beti izan da aldrebesa, gaurkoa baino krudel eta gordinagoa ere bai seguruenik, baina zaratatsuagoa nekez. Eta, ulertzeko gaitasunari erreparatuz gero, zarata baino gauza nahasgarriagorik, gutxi.

Publicidad

Gure belaunaldikoei -hirugarren dosirako moduan gaudenoi, alegia- gaizki irakatsi ziguten Filosofia kasurik gehienetan. Izenak, datak, hitz uxatzaileak... Baten batzuk zorteko izan ginen, ordea, eta zorioneko egun batean Filosofia ez ezik gu ere errespetatzen gintuen irakasle bat iritsi zitzaigun gelara.

Harrezkeroztik gogoan izan ditudan pare bat gauzan esan zizkigun. Esan zigun Filosofiak, filosofoek, lagunduko zigutela entzuten ikasten, eta pentsatzen ere bai, nahi bagenuen, uzten bagenien. Edo, gutxienez, gure kabuz pentsatzeko gauza ginela ez ahazten lagunduko zigutela.

Publicidad

Gero ia erabakia norberaren esku. Hautamena? Potentzia eta aktua? Ez naiz akordatzen, baina behin eta berriro egiaztatzen dut pentsatzeak zarata baretzen duela, nahasmendua ordenatzeko ez dagoela ariketa aproposagorik, eta gauzak ulertzea ere asko errazten duela.

Irakasle hark esan zigun, gainera, hor egongo zirela beti guretzat filosofoak, iraganekoak zein gaur-gaurkoak. Iraganekoak agertzen zaizkit tarteka, zeharka, ezustean, aitortu behar dut ez naizela joaten propio haien bila. Gaurkoengana, ordea, hurbiltzen naiz. Jarraitzen dut oso ondo jakin gabe zer den ontologia, zertaz arduratzen den epistemologia, baina gero eta gehiagotan izaten ditut bidelagun filosofoen testuak. Askorenak oso atseginak dira, gainera.

Publicidad

Irakasle hark esan zigun filosofoek lagunduko zigutela entzuten ikasten, eta pentsatzen ere bai

Oraintxe, esaterako, Batxilergoan irakasle den Iñigo Martínez Peñaren 'Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzak jartzen' daramat poltsan, Toporako. Irudipena daukat gu izan ginen bezain zorteko direla haren eta beste irakasle askoren ikasleak.

Uste dut, halaber, azken hilabeteotan gaizki tratatu ditugula heldu askok nerabe eta gazteak. Erru denak egotzi dizkiegu, seinalatu ditugu, elkartasuna zer den ez dakiten axolagabetzat hartu ditugu. Filosofia ezabatuz axolagabekeriaren aurkako txertorik eraginkorrenetakoa den pentsamendu kritikoaren lanketa ukatzea zer da, zigor berri bat? Ez da ba izango nahiago ditugula benetan axolagabe?

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad