Pareta-kidetasuna
Garai batean, oso ohikoa zen ustezko arerio politikoaren kartelak kentzea. Totalitarismoaren jokabideetako bat da, bestearen hitza, bestearen ahotsa ezabatzea eta zure alderdiarena bakarrik entzunaraztea, herritarrei sinetsarazteraino ahots legitimo bakarra zurea dela. Herri bat, ahots bat. Ni naiz herria, ni naiz ahotsa. Atrezzo horren pean bizi izan gara hamarkada luzez. Desagertzen hasia zela uste genuen, baina beti geratzen dira nostalgiak jotako batzuk, eskuetan alkoholikoen moduko dardarizo bat geratzen zaienak. Gustuko ez duten kartel bat ikusi, eta, zast!, berehala erauzten dute hormatik, nahigabe bezala, senez, iraganeko urrezko garaien ohiturek bultzatuta edo.
Publicidad
Horrelako zerbait gertatu da Oiartzunen duela gutxi, eskola-matrikulazio kanpainari dagozkion kartel batzuekin. Kendu egin ditu norbaitek. Kartel horiek eskola publikoari buruzkoak zirelako. Ikastola pribatuari buruzkoak, ordea, ez dira desagertu. Herri Eskola horri buruzko gezur negazionistak ere zabaldu dituzte, nazionalak direla, otorduak kanpotik ekartzen dituztela, ez dutela 'D' eredurik ezta Euskal Curriculumik ere, publikotik ezin dela Euskal Herria eraiki… Eta horrela. Haize berriek dakarten pribatizazio grinaren ondorioa izango da, gutxi batzuek inorekin partekatu nahi ez duten esklusibotasun sentimenduaren adierazgarri. Batek daki. Faxismoa ere dei dakioke jokabide horri, bestea ez onartzeari eta mehatxatzeari. Parekidetasuna aldarrikatzen den garai hauetan, ez legoke gaizki pareta-kidetasuna ere errespetatzea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión