Borrar
Parentesiak argazki bilduma propioa utzi du. Zer irudituko zaizkie etorkizuneko ikusleei? BORJA LUNA
Pandemiatik gerrara

Parentesia

2020ko martxoan ireki zen parentesia itxi, eta zeinuaren haragoko eremuan murgildu dira asko eta asko. Beste zenbaitentzat, berriz, babesgune bilakatu da

Ostirala, 10 ekaina 2022, 06:59

Comenta

Lanera ekartzen nauen autobusak bidaia guztietan igarotzen ditu sei, zortzi, hamar minutu geltoki batean, beti geltoki berean, ibilbide osorako finkatuta daukan ordutegiarekin bakeak egiteko. Bide luzea egiten du, alegia, eta ohikoena atzerapena pilatzea bada ere honek, gehienetan, aurrea hartzen dio ordulariari.

Hasieran jasanezina egiten zitzaidan itxaronaldia, eta ibili nintzen alternatiba bila, berriki deskubritu dudan arte sei, zortzi, hamar minutuko parentesi hori eguneko momenturik probetxuzkoenetakoa bilakatzen ari zaidala. Nahi gabe.

'Parentesi' ordez baneukan 'etenaldi' idaztea, baina parentesi hitzari dagokion zeinu ortografiko bikoitzak hobeto islatzen du, zedarritzen eta inguratzen duen neurrian, autobusaren barruan sortzen den burbuila kutsuko giroa, mota desberdinetako doikuntzak egiteko aukera eskaintzen duena.

«Parentesiaren barruan bizi da oraindik jende ugari, salbuespen-egoeratik ezin irtenda»

Parentesi horietako batean jabetu nintzen horretaz, alegia, ia nahi gabe. Autobusa noiz berrabiatuko zain igarotzen ditugun minutuak telefonoari begira ematea da ohikoena. Nik berehala utzi nion ohitura horri, eta hasi nintzen pentsamenduak libre uzten, irudizko trapezio moduko batean kulunkan, norabide eta obligaziorik gabe.

Huskeriak etortzen zaizkit batik bat burura: irudiak, elkarren arteko loturarik gabeko oroitzapenak, abesti eta esaldien zatiak... Halako batean sartu zitzaidan kaskoan autobuseko parentesia zela kanpoan bizi (izan) dugunaren bertsio trinko eta, aldi berean, areagotua. Gidariak motorra abiarazi zuenean lurrundu zen ideiak ez zidan eman metafora onargarri bat osatzeko lain, baina lagungarria ari zait suertatzen inguruan ikusten ditudan joera kontrajarriak ulertzeko.

Alde batean daude digestio azkarrekoak, gai izan direnak azken bi urteotan bizitakoa ongi asimilatzeko edo, besterik ez bada, atzean edo alboan uzteko. Badirudi ekintza eta belozidadea lehenetsi dituztela, opor- eta bidaia- eta festa-gose direla. Galdutako aukerak berreskuratzeko beharra dute; pandemiak ostu diena errekuperatzekoa. Lehengoratu, parentesia itxi, eta sabela eskuin aldera borobiltzen zaion zeinuaren beste aldean murgildu, betiko izango delakoan. Uda, gainera, sasoi ezin aproposagoa dute marraren beste aldera jauzi egin eta iraganean, edo etorkizunean, gehiegi pentsatu gabe bizitzaz gozatzen saiatzeko. Bejondeiela.

Baliteke hori izatea gehiengoaren jarrera. Inpresio hutsa da. Ez dut susmoa oinarritzeko ikerketa edo estatistikarik aurkitu. Arraroa da, denetarako baitaude bietakoak, eta ez gutxi.

«Galdutako aukerak berreskuratzeko beharra dute; pandemiak ostu diena errekuperatzekoa»

Kontrakoa dioenik ere ez dut aurkitu, baina badakit askorentzat digestioa oso astuna ari dela izaten, parentesiaren barruan bizi dela oraindik jende ugari, salbuespen-egoeratik ezin irtenda, zeinuaren beste aldean murgiltzeko egin beharreko doikuntzak egiteko ezgai. Burbuilaren babesean, hain zuzen, beste aldean ikusten dena ez baita bereziki erakargarri, lasaigarri eta estimulagarria: amore ematetik urrun dagoen birusa; luze joko duela ematen duen gerra; prezioen lasterketa zoroa; eskasia-mehatxua; pobrezia-arriskua; prezioak bezala goraka doazen askotariko tentsio sozialak; planetaren ajeak...

Ulergarria da –kontrako jarrera bezain ulergarria eta errespetagarria beharko luke, behintzat–, panorama horri bizipozez erantzuteko behar den premium mailako baikortasuna aurkitzen ez dutenek nahiago izatea parentesiaren barruan, babesean, jarraitzea. Ez dakit, ordea, une honetan nor den ongi ikusia, eta nori begiratzen zaion balbea ekarriko balu bezala. Hurrengo bidaietako itxaronaldiak aprobetxatuko ditut gaiaz gogoetatzen saiatzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Parentesia

Parentesia