Irribarreen mapamundia
Ibarrako Uzturpe ikastolak 'Infinitu irribarra' erronka jarri du abian, mundua irribarrez eta ikastolekiko elkartasunez betetzeko asmoz
nerea azurmendi
Miércoles, 16 de marzo 2022, 06:34
Iazko azaroan Kilometroen lekukoa bizikletaz Goierritik Ibarrara eraman eta 2022ko Gipuzkoako ikastolen festa aurkeztu ostean, gelditu gabe dabiltza Uzturpe ikastola eta Ibarrako herritarrak festaren prestaketa eta girotze lanetan. Zenbaitetan, artean indarrean zeuden Covid-19aren aurkako neurriek zapuztu dizkietek planak, eta aurrera joan direnek ere ezohiko zailtasun eta mugei egin behar izan diete aurre maiz.
Publicidad
Aurrera doan ekimenetako bat orain dela aste batzuk abiarazi zuten 'Infinitu irribarra' da. Herriaren izenarekin bistako lotura duen 'Irribarra' da, hain zuzen, 2022ko Kilometroak jaiaren leloa. Irribarrea, berriz, inoiz baino beharrezkoagoa. Usue Sukia Uzturpe ikastolako zuzendariaren hitzetan, «irribarrea tapatuta, estalita eta ia galarazita izan dugun garai hauetan, inoiz baino behar handiagoa dugu berau egiteko eta erakusteko».
Bada ekimen berritzaile honekin infinituraino eraman nahi dituzte irribarreak eta Kilometroak festa. Ahalik eta pertsona gehienen esku-hartzea bilatzen du jada abian den proposamenak, eta xede horrekin aurkeztu zuten atzo Donostiako Tabakalerako Medialaben, Julen eta Antton Telleria anaien eskutik.
Haiekin eta Usue Sukiarekin batera, Aitor Bengoa Uzturpeko ikasle ohi eta Kilometroetako komunikazio arduradunak eta Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ere hartu zuten parte Medialabeko tresneria baliatu zuen aurkezpenean.
Irribarrea eta elkartasuna
Telleria anaiek esan zuten bezala, aurtengo Kilometroen inguruko berri onena da «izango dela, eta bide onetik goazela». Bide hori adar askotan zatitu dadin nahi dute, argazkien bitartez ahalik eta toki gehienetara iritsiz.
Publicidad
Herrian eta eskualdean hasi ondoren, mundu zabalera egin nahi dute jauzi, «argazkiak munduko toki desberdinetatik jaso eta irribarreen mapamundi bat osatzeko». «Irribarrak ikusezin diren garaietan, irribarrak batu» nahi dituzte, alegia, eta «irribarrak bildu euskararen eta Euskal Herriaren alde».
Eskatzen dena ez da batere konplikatua: nork bere buruari argazki bat egin, edo norbaiti eskatu argazkia egiteko, eta 'Irribarra' mapan kokatu. Telleria anaiek bereziki animatu zituzten argazkiak partekatzea gogoko ez dituzten horiek, gogoratuz ikastolen aldeko keinua dela, munduko edozein tokitatik egin daitekeena. Nabarmendu zuten, halaber, pertsona bakarreko erretratuen bila dabiltzala.
Publicidad
Bost urratseko prozesua da, argazkia egin ondoren 'Infinitu irribarra' orrian hasi eta amaitzen dena. Han aurkituko den QR bat erabili behar da, inprimaki bat bete eta horrekin batera igo argazkia, mapan kokatu, captcha eta lege-oharra onartu eta bidali. Zerrendatxo horretan falta dena laugarren urratsa da, borondatezkoa, ekarpen ekonomiko bat egiteko aukera eskaintzen duena. Izan ere, irribarreak behar dituzte, «baina irribarretik bakarrik ezin da bizi», eta «atxikimendu ekonomikoa» ere oso beharrezkoa da. Banakoek egin dezaketenaz gain, babesleak bilatuko dira, diru-bilketa handitzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión