Borrar

Irratia eta San Jose

Irratiak zenbat neurtzen duen esan bearko. Gaur egunean, musika-jaialdiak ere ematen dituzte tresna txikiagoekin.

Osteguna, 18 martxoa 2021, 09:26

Comenta

Oraindik ere jarraitzen du, bai, San Joseren jaierak. Ezeren okerrik ez bada, biar, ain zuzen.

Sail onetan, bein baiño geiagotan idatzi izan ditut gazte-garaiko zenbait pasadizo San Jose egunaren jirakoak. Aurten badakarkit, ba, beste bat. Eta ez ain gaztetxo nintzanekoa. Sasoira ondo eldua eta ausarta nintzanekoa. Berrogeita bat urte nituenekoa. Baiña lasai. Ez nator nitaz itz egitera. Gure aroztegi txikian degun ogeita emeretzi urteko irrati zaarrari buruz baizik.

Erraz esaten da. Geroztik, makiña bat buruauste pasa dira nere ganbaran. Baiña kontent, ala ere, familiaren alde egindakoarekin. Ondo egiñaren damurik ez, beintzat. Amar urte nituenerako irakurri nuen, Arantzazuko egutegiaren orri txikian: egin ezazu on, naiz eta ez jakin non. Baiña familiaren alde egiten dana beti dago ondo.

Ortxe jarraitzen du ba oraindik gure familiako aroztegi txikiak, ogeita emeretzi urteko irratiarekin eta orduan lanera antxe sartu nituen etxeko bi mutiko aiekin, Aitor eta Davidekin.

Errentero izateari uko egin, eta Zarautzen lanerako txoko bat neureganatu nuen, nolabait. Eta San Jose egunean, leenengo garbiketak egin neure bi mutikoekin. Jakiña, neure tranpatxoak banerabilzkien. Alegia, mutikoei:

– Emen lan politak egin bear ditugu zuek eta nik. Pixka bat laguntzen badidazue, paga onak izango dituzue, gaiñera.

Amairu-amalau urte zituzten ordurako. Eskolarako gogoa ere gutxi; aitak ere ez zuen asko eta. Baiña paga onarena gogoan zeukaten, nunbait.

Gaiñera, irrati berri ederra ere bereala jarri nuen postean, apala eginda. Bai bait nekien gazteak irrati zaleak dirala. Neure trikimaillu guztiak nerabilzkien mutikoak neureganatzearren.

Ikasturtea amaitu zutenean, an agertu ziran goiz batean, bat aurrean eta bestea atzeraxeago zala. Esan det zenbat urte pasa diran geroztik. Irratiaren meritua ote zan ala paga onarena?

An jarraitzen du posteko apalean, nai duenak ikusi, ogeita emeretzi urte dituen irratiak.

Nundik eraman nuen irratia aroztegira? San Jose urrengo larunbat arratsaldean, Zarauzko Jokar dendatik. Nagusiak Jose Luis eta Karmen ziralako, Jokar zuen izena dendak.

Eta bertako zerbitzaria Miel Zarautz, nere oso ezaguna izanik, berarengana jo nuen, larunbat arratsalde artan.

Orduan ere, larunbat arratsaldeak ez ziran egokienak ni bezelako batek erosketak egiteko. Nere aurretik joana zegoen andre moztaka ura ere; ala bearrez, irratia erostera.

Nere moduan, irrati potente xamarra nai andre ark ere... Eta Miel irratia erakusten, atera bat eta atera bestea.

–Miguel, yo quiero una radio muy potente, para el almacén.

Nik, neure baitan: ño, orixe ederra neretzat. Naiago nikek ez balio erosiko andre berritsu orrek.

Miel saltzaillea an ari zitzaion errespetuz:

– Señora, tiene mucho volumen; oso ona da.

Baiña señorak ja-jai:

–Miguel, ¿yo comprar este trasto? Mira que bobada! –ederki errimatu zituen «oso ona da» eta «mira que bobada».

Nik ere errimatu nai nuke, ba! Atso batek nai ezta lagatakoa da.

Andre arekin amaitzerako, Mielek bazekien irrati beltz aundi ura nork erosiko zion; ari bait nintzaion keiñuka ate ondotik.

Andre motz ura joan zanean:

– Miel, jarri eidak traste ori pakete batean. Neretzako modukoa dek eta.

Orduan Mielek:

– Onela, beste gabe?

– Bai. Kalitatearen berri ondo entzun diat. Orrelako irrati baten billa etorri nauk gure aroztegi txikirako.

Eta Mielek:

– Zerran ari baaiz ere, ederki entzungo diok oni.

Bai orixe. Euskadi Irratia katetik ez dakit iñoiz aldatuko zan. Garai bateko «Goizean bein» saioak, Goenkaleren berriak, errosarioak, trikitixa aiek, bertso-saioak eta zer ez? Danetik ematen zigun posteko Philipsak: musikaldiak eta orapronobisak.

Ia lau amarkada, eta an dago, orratza Euskadi Irratiko katean duela. Irratiko emanaldi asko aldatuta egon arren, an dago, an ari da egunero goizetik gauera.

Goizean leenen dijoanak, klak teklari. Eta illunabarrean azkena danak, gauza bera.

Ziur nago, zerra azpiko zerrautsetan gordetzen diran xaguek, onezkero, dantzaldiak eta jolasaldiak egingo zituztela, posteko irratiaren marmarrera.

Bere estalgarri gaiñean daukan plastiko urdiñak ere zenbat urte ote ditu? Autsetatik babestea bait da garrantzitsua.

Irratiak zenbat neurtzen duen ere esan bearko det, ba, bein onezkero. Metro-erdi zabalean, ogeita iru zentimetro altueran, eta amalau lodian. Gaur egunean, musika-jaialdiak ere ematen dituzte tresna txikiagoekin.

Jakiña, aroztegi txikiena ere arriskutsua da irrati trasteentzat. Beti lagatzen ditugu egurrak tente, poste ondoan. Eta zartada bat baiño geiago artua da gure Philipsa. Baiña arotza artista xamarra izaten da, eta aurkitzen du konponbidea. Bestela, begira bertso oni.

Iñoiz gertatu zaio

kablea etena

edo eta atzeko

txulotik ertena.

Badu konponbidea

zenbait zaratena:

metro bat luzekoa

da bere antena,

ondo jarria dauka

aal danik tenteena,

zuzentzeko lotuta

eskoba-kirtena.

Emendik urtebetera

omenaldia mereziko luke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Irratia eta San Jose