Ikustezinak, desatseginak
Talka egiten dute egunero covid-19aren ondorioz hiltzen direnak eta bizion bizitzeko eta ahazteko gogoak
Festa pixka bat zapuztera etorri nahiko nuke, baina festa-izorratzailearen damuaren ordez etsipena dakart, badakidalako porrotera kondenatuta dagoela saioa. Errazago zapuztuko du euriak egunero covid-19aren eraginez EAEko hamabost herrikide hiltzen direla gogorarazteak baino.
Hildako pila horrekin -datuak ditugun azkeneko astean, 108 lagun, kopururik altuena hilabete askoan- ekin diogu normaltasunaren enegarren bertsioari. Pertsona horien bizitzak itzaltzen, ezerezten zihoazen heinean irekitzen ziren dantzalekuetako ateak, eranzten genituen musukoak kalean eta hasten ginen, presaren presaz, azken momentuan baimendu dizkiguten inauterietan zer egin edo nola mozorrotu pentsatzen. Bizitzeko planak egin behar dira. Hiltzeko, apenas.
Ozenki egiten dute egunotan talka hildakoek eta bizion bizitzeko eta bizitza ospatzeko gogoak. Ahazteko gogoak ere egiten du talka hasiera bateko nabarmentasuna galdu duen datu itsusiarekin.
Normala. Hila lurpera, biziak asera. Harik eta halako batean hurbileko bat, maite edo estimatzen dugun norbait den lurperatua, eta pandemiari egotzitako hildakoei jartzen dizkiegun etiketak -txertatu gabe zegoen, edo txerto guztiak zeuzkan jarrita baina zerbaitek huts egingo zuen; urte asko zeuzkan, badakizu; lehendik ere ez zebilen oso katoliko...- tiraka kentzeko beharra sentitzen dugun. Heriotza ertza gertu dagoela ematen duenean jazo dela jakiteak areagotu egiten du haserrea. Hildako horiek lurpean ez ezik estatistiken alfonbrapean ezkutatuko direla sumatzeak ere bai.
Akordatzen da inor orain dela ia bi urte Bergamotik, gauez, Italiako beste hiri batzuetarako bidea hartzen zuten zerraldoz beteriko ibiligailu militarrekin, hildako haientzako tokirik ez zegoelako bizi izandako hirian? Eta izotz-pistetan egokitutako biltegiekin? Eta protokolo ahalguztidunen izenean bakarrik, hondakin toxikoak balira bezala, hil direnekin?
Festa ez diot inori zapuztuko, badakit, baina akaso baten baten minarentzat izango da aringarri jakitea hildako ikustezin eta desatsegin horiekin jende asko akordatzen dela. Hala ere, 'memento mori'-ren bat ez litzateke egongo soberan, erromatar erara, hurrengo asteetako desfile alai eta koloretsuetan.