Legazpiko 'Makatza', Gipuzkoako gazta txapelduna
Artzain Eguna egin da Legazpin eta Ameriketara lanera joandako artzainen ordezkaritza bildu da bertan
Gipuzkoako Artzain Eguna egin da Legazpin. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 33. Lehiaketa jokatu da eta Makatza gertatu da garaile. Lehenengo aldia da gipuzkoako gaztandegi onenaren saria irabazi dutela, nahiz eta txapelketa hau Legazpin egin izan den 33 urtetan zehar. Oholtzara saria jasotzera igo dira Ines Argarate eta bere suhi Aitor Mantxola. Gaztandegi honetan erreleboa gertatu da, Pedro Gabiria artzaina jubilatu berri da eta Mantxolak hartu baitu artaldearen ardura.
Ondorengo postuetan hauek gelditu dira: bigarren, Olaberriko Aizpea Gaztandegia; hirugarren, Segurako Goiburu Gaztak; laugarren, Pedro Zuzuarregi Tolosakoa; bosgarren, Beizamako Patxi Otaegi; eta seigarrena, Ordiziako Joseba Insausti.
Ohitura den bezala, Gipuzkoako zenbait artzain edadetu omendu dute: Urbia ondoko Arbelarren txabola daukaten Jesus Antonio Etxezarreta eta Lourdes Errazkin senar-emazteak, eta Zegamako Etxeberri Garakoa baserrian bizi den Joxe Larrea Aldasoro. Omenaldia izan duten artzain amerikanoak, berriz, Oçafrain anaiak, Henri Gratien eta Jean Louis. Bankako herrian sortu ziren eta Donibane Garazin bizi dira orain. Bankako Menditarrak ere jardun dira kantuan han. Gainera, Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen ordezkaritza azaldu da Legazpira, tartean lehendakaria, Laura Igantzi.