Geruza nahaspilatuak
Birusetik gerrara ·
Bi urte igaro dira, ia egunez egun, geruzak behar bezala asentatzeko poliki-poliki pilatzen joan behar diren materialak espiral zoro batean sartu zirenetikInteresgarriak iruditzen zaizkit geruzak. Geruza, antolaketa-sistema eta kontzeptu gisa. Lagungarri gertatzen zaizkit, lasaigarri, gauza bakoitza non dagoen bistaratzeaz gain norberaren denbora txikien zein Lurraren eta Historiaren Denbora Handiaren joana dotoreziaz eta zehaztasunez erakusten dutelako. Ordena apur bat jartzen dutelako, alegia. Natural itxurako ordena.
Bizitza baten eta bidaide izan dituen beste bizitza batzuen geruza jarraitu edo etenak bata bestearen gainean jartzen dituzten argazki-albumak. Gurin usaineko hostopil perfektuak. Arkeologia-aztarnategietako estratuak, gizakiaren mendez mendeko ibilera eraikitzaile edo suntsitzaileen memoria gordetzen dutenak. Harriaren hizkera sekretuan planetaren historia kontatzen duten flyscheko geruza tolestuak. Ez al da ederra?
Horien antzera, gure bizitza ere geruzaz geruza doa osatzen. Hori uste dut, behintzat. Hori uste nuen, behintzat, nireaz. Aski ongi identifikatuta neuzkan orain artekoak. Kasuren batzuetan kapritxosoak ziren geruzen arteko mugak. Lausotuta zeuden, edo nahita manipulatuta, baina eusten zioten, nolabait, orekari eta sendotasun itxurari.
Pandemiaren osteko etorkizunaren zimenduak jarri behar zituen geruzaren osaketa gerrak eten du
Bi urte igaro dira, ia egunez egun, geruzak behar bezala asentatu ahal izateko poliki-poliki pilatzen joan behar diren eta, ahal dela, arinak izan behar duten materialak espiral zoro batean sartu zirenetik. Badirudi zentrifugatzaile erraldoi batek irentsi eta tu eginez jaurtitzen dituela, nahi duenean, gura duen moduan.
Horrela ez dago egonkortasunaren eta lasaitasunaren berme izan beharko luketen geruza sendoak osatzen joateko modurik. Horretarako mara-mara ari behar du, ez barra-barra. Zirimiria hobe edonoiz, abisurik gabe, kolpatzen gaituen kazkabar-erauntsia baino. Eta zaparradaz zaparrada daramatzagu bi urte, ia egunez egun.
Pandemia, alegia, olatuka joan zaigu pilatzen, geruzaka ordez. Ibili garenez aurrera eta atzera, atzera eta aurrera, kiribildu egin da berez laua behar zuena, korapilatu, bihurritu. Tartean, fenomeno geologikoen indarra etxetik gertu azaleratu daitekeela gogorarazi zigun sumendi batek eduki gintuen airean. Hura pasa zen. Bat-bateko elkartasun olatua bezala, ahaztuta daukagu. Pandemia bera bide bertsutik doa. Kasuek gora egin arren, beheraka doa arreta, erremediorik, PCR-rik, isolamendurik eta, laster, musukorik gabe. Atzera-buelta barik?
Normaltasunaren ustezko itzuleraren arrimuan osatzen hasia zen geruza berria, itxura batean pandemiaren ondorengo etorkizunaren zimenduak jarriko zituena, gerrak eten du orain, izaki ustez zibilizatuen arteko talka tektonikoak eragindako lurrikarak.
Ez dagoenez esaterik noiz amaituko den, ezin iragarri noiz ahaztuko dugun. Baina ahaztuko dugu, aurreko guztiak -orain dela 30 urte, pare bat aste falta ziren Sarajevoko setioa hasteko, akordatzen?- ahaztu ditugun moduan, ez bagara lehenago gu geu, geure eskutik, espezie gisa ahanztura bilakatu.
Kaosa iruditzen zait errealitatera, egiazkora, disimulurik gabekora, hurbiltzeko une oso egokia
Munduaren akabera iragartzen zuten tronpetak askotan entzun ditugu. Ideologien, historiaren eta lanaren amaierak ikustekoak ere ba omen ginen -Bell, Fukuyama eta Rifkin jaunak, gordeta dauzkat zuen liburuak, azken sutarako- baina ideologia ankerrenen loraldiaren eta historiaren estropezuen lekuko gara. Eta lanean jarraitzen dugu. Horrek ematen du, alegia, nolabaiteko perspektiba.
Hortaz, geruza denak nahaspilatuta dauden honetan, egoera kaotikoa dela ezin uka, baina aukeratik ere badu. Aber, kaosaren teoria ez dut ulertzen, eta ez dut inolaz ere sinesten -faxistek bai- kaosetik ordena irteten denik. Hala ere, kaosa iruditzen zait errealitatera, egiazkora, hurbiltzeko une oso egokia, disimulua barealdian baino zailagoa delako. Nire ezintasunak partekatzen jarraitzen badut, kontatuko dizuet zer ari naizen ikasten anabasa honetan.