Borrar
Txertaketa arintzea eta Bolsonaro kargugabetzea eskatzeko deitutako protesta, atzo Brasilian EFE

Gertatzen diren gauzak (I)

Hemen, bigarren olatuan ·

Koronabirusak eragingo dituen hildakoen artean hizkuntzak ere egongo dira seguruenik. Baten batzuek hartuko dituzte neurriak, beste batzuek ez

Martes, 19 de enero 2021, 13:56

Comenta

Ez da desilusio handia San Sebastian bezpera ospatu gabe gelditu direnen edo herria zona gorrian sartu izanagatik mendi- edota bizikleta-bueltarik gabe konformatu beharko direnen etsipenarekin alderatuta, baina huts egin didan beste plan baten berri ematera natorkizue. Loteria tokatu gabe erabat isiltzea ezinezkoa izanik, alegia, isiltze partziala erdibideko soluzio egokia iruditu zitzaidan: soldata justifikatzeko lain segi berriketan, baina Covid-19aren monolaborantza alboratu eta laboreak txandakatuz.

Baina hemen, bigarren olatuan (bigarrenean?), zertaz arituko naiz monogaiaz ez bada, zeharo testuinguruz kanpo, eta itsusi, geratu nahi ez badut? Pentsatu dut bide bat izan daitekeela gertatzen ari diren eta koronabirusak bazterrean uzten edo erabat isiltzen dituen gauzei buruz idaztea. Covid ukitu batekin, jakina. Dash. Gintonika koska bat igoarazten duen angostura tanten tankerakoa.

Gertatzen ari den gauza horietako bat da pandemia lehendik ere egoera konplikatuan zeuden hizkuntza eta kulturetan egiten ari den sarraskia. Dena dute aurka: egoera sozioekonomiko kaskarra, beste batzuek hartzen dituzten erabaki eta neurriekiko menpekotasuna, adin handiko hiztunak... Covid-19a bezalako eritasun baten aurrean, izugarri areagotzen dute zaurgarritasun pertsonal eta kolektiboa ezaugarri horiek.

Datua: Estatu Batuetako CDC-en (gaixotasunen prebentzio eta kontrolerako zentroak biltzen dituen agentzia federala) ikerketa baten arabera ('COVID-19 Mortality Among American Indian and Alaska Native Persons'), gaixotasunaren hilkortasuna 1,8 bider handiagoa da jatorrizko herrietako kideen artean zuri ez-hispanoen artean baino, bi komunitate horiek hartu baitituzte aintzat. Datu osagarria: Jessica Arrazola du izena ikerketa taldeko buruak.

CNN kateak berria zabaldu ostean, joan den astean dezente hitz egin zen jasotako txertoen banaketa antolatzerakoan Txeroki Nazioak hartutako erabakiaz. Osasun langileekin eta adinekoekin batera, lehen hizkuntza txerokia dutenak lehenetsi dituzte, hiltzen den hiztun bakoitza galera handia delako kontuan izanda 2.000 pertsona direla txukun hitz egiteko gauza, eta honezkero 30etik gora eraman dituela koronabirusak. Helburua da bizpahiru asteren buruan den-denak txertatzea.

Ez dira erabaki hori hartu duten bakarrak. Associated Press agentziak urtarrilaren 1ean zabaldu zuenez, Ipar eta Hego Dakotako Standing Rock siux tribuak lehentasuna eman die lakota eta dakota hizkuntzetan mintzatzeko gai direnei. Siux Nazioa osatzen duten taldeetako bat den horretan ez dute txerto askorik beharko, 300 pertsona baino ez baitira hizkuntzaren, elezaharren eta askotan paperera iritsi gabe dagoen kulturaren gordetzaileak.

EBetako zenbait jatorrizko naziotan hizkuntza propioa dakitenek lehentasuna dute txertaketan

(Gomendioa: herri horiei buruz gehiago jakiteko, eta gureaz gogoetatzeko, oso egokia da Nick Estes Lower Brule siux tribuko aktibista era irakaslearen 'Gure historia da etorkizuna', Katakrakek argitaratua).

Hizkuntza guztiek, baina, ez dute izango gutxieneko arduraz jokatuko duenik, aire-bolada gogor samar batek ezabatu ditzakeenak oso ugariak badira ere. 'Ethnologue'-en aurki daitezkeen datuen arabera, 7.117 hizkuntza bizi daude une honetan; horietako 2.895 arriskuan: 1.514k 1.000 hiztun baino gutxiago dauzkate; 467k 100 baino gutxiago, eta 151ek hamar baino gutxiago.

Koronabirusaren kontuak egiteko ordua heltzen denean, hizkuntzei ere begiratu beharko litzaieke

Horietakoa da Brasilgo Amazoniako yawalapitien hizkuntza. 'The Washington Post'-egunkariak udazkenean kontatu zuen Aritana Yawalapiti buruzagiaren historia. 71 urte zituela hil zen, Covid-19aren ondorioz, bere hizkuntzan esandako azken mezu bat utzi ondoren: «Zaindu jendea. Zaindu lurra. Zaindu oihana». Hizkuntza ere zainduko zuela agindu zion Tapi Yawalapiti semeak. Ez du erraza izango: aitarekin hiru hiztun ziren, haren faltan bi baino ez dira gelditzen.

Brasil da, Indiaren aurretik, erabat desagertzeko arrisku oso larrian dauden hizkuntza gehien dituen herrialdea, baita bertako herriekiko erasokorrenetakoa den gobernua duena ere. Adi egotea komeniko litzateke, baina koronabirusaren kontuak egiteko ordua heltzen denean, norbait akordatuko da hizkuntzekin?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gertatzen diren gauzak (I)

Gertatzen diren gauzak (I)