Donostiako kale bat uda garaian. Jose Mari López
Pandemitik gerrara

Etxean 'ni krixto', amona

Aste betez gutxienez pertsiana itxi eta desagertzen ez bazara, ez zara inor. Kontrakoa miseriaren adierazle da

Gaizka Lasa

San Sebastián

Lunes, 19 de junio 2023, 07:29

Arrazoi zuen gure amona zenak. «Baina, horiek guztiek ez al dute etxerik?», zioen bere azken urteetako leloak. Barru-barrutik ateratzen zitzaion. Erabat harrituta esaten zuen, ' ... flipatuta', bilobak esango genuken bezala, telebista aurrean jartzen zen bakoitzean. Jendea herri-kiroletako jaialdian, jendea hondartzan, jendea herriko festetan, edonon jende-andana. Ez zitzaion buruan sartzen zortzi seme-alaba aurrera ateratzeko etxe bueltan –ganbara, ukuilua eta baratza barne– beharrezkoa zen guztia izan zuenari. Bada, amona, gaur bai 'flipatuko' zenukela. Etxean ez da 'ni krixto' geratzen opor garaian. Herritarrak gaizki begiratzen dizute gutxienez aste betez zure pertsianak itxi eta desagertzen ez bazara. Miseriaren adierazlea.

Publicidad

Eta dirua?, galdetuko zenuke zuen garaiko zuhurtziaz. Bada, zapatak, etxea garbitzeko produktuak, butanoa edo beste oinarrizko erosketen zerrendari pixka bat kendu eta horreterako gorde behar. Oporretako irtenaldia ez da iada aberatsen kapritxoa, edo langileon eskubide bat, komunitateak ezartzen duen obligazio bat baizik. Zeruko zinema aretoan aukerik baduzu, ikusi 'Aupa Etxebeste' pelikula eta ulertuko duzu.

Udako fenomeno hau datorkigula eta gogoratu dudan pasadizo bat kontatuko dizut, amona. Zure garaikide diren protagonistekin eta hainbeste maite zenuen hitz-jolasarekin. Kontua da Basarrik 1969an, Txapel zenaren omenaldian, halaxe hitz egin ziola Mattin Lapurdiko bertsolari handiari. «Mattin, ni Zarautzen bizi naiz, eta Zarautzen ere udara partea naiko nabarmena izaten da. Ainbeste aldakuntza izan ere mundu xixtrin ontan eta ain urte bakarretan. Zu Biarriztik bost kilometro ingurua bizi zera. Badakit zure etxe inguruan kanpin eta klase oietatik asko samar dala. Badakit joko etxe famatuak Hendaian, Donibanen eta Biarritzen badirala. Eta dirudun jendea, eta bizio orrekin ondo igurtzita dagoen jendea, beren txanponak jokatzera aruntz joaten dela. Badakit mila aldrebeskeri ikusten dirala, eta elizgizonak egundoko deadarrak egiten dituztela. Zer derizkiozu zuk, Mattin?»

«Horiek guztiek ez al dute etxerik?», galdetzen zuen amonak 'flipatuta', bilobak esango luketen bezalaXenpelarrek bai igarri: «Onraduak, aberatsak eta erale majuak... garestitu digute beinepen arduak»

Eta Xalbadorren lagun minak hala erantzun: «Pasakizunak kondatutzeko orain eman nau lanian/ gure tokian nola gabiltzan udara heldu denian/ joko etxetan dabilan jendea diruduna geienian/ ta ni bezala etxean egoten dirurik ez duenian». Zuk bezala egiten zuen horrek, amona. «Batzuek alai bizitzen dira, besta batzu tristezian/ diru duena beti bestan da, diru gabea etxian/ Beztimenta're ibiltzen dute frangotxo labur klasian/ ez dira hola beztituko, ez, datorren ilbeltzian». Egia hori ere. Alabaren arropa, zenbat eta tela gutxiago izan, orduan eta garestiago ateratzen zait.

Publicidad

Baina ez dago sumindu beharrik. Turisten dantza harroa ez da gaurko kontua. Pentsa, Xenpelarrek ere gaia jorratu zuen. «Frantzes da italiano kasta hoiek nahasi/ honera etorri eta dabiltza nagusi/ pegoiari ederki lana egin-arazi/ berak pikoarekin behinere ez hasi». Gaur pikoarekin dabiltzana, tabernako barra atzean diru pixka bat irabazi nahi duten ikasleak dira, edo gutxiengo bat kobratzen ez duten langileak. Batzuk ondo pasatzeko beste batzuk lana egin beharra dute. Asko eta asko datoz gurera egun batzuk ondo pasatzera eta horrek bere albo kalteak ditu, Xenpelarrek bere garaian nabaritu zuen bezala. «Badira horien artean gizon onraduak/ batzuek aberatsak, besteak bajuak/ baita beste batzuek erale majuak/ garestitu digute beinepen arduak».

Eta hemengo mailari eutsi ezinda kanpora atera beharra ere ezagutu dugu ondo aski. Pello Mari Otañok bertso hau utzi zigun idatzia. «Amerikara noa nere borondatez/ aspertu naizelako hemengo suertez/ Honetara ezkero joan behar den nahi t'ez/ hemen gelditu direnak ondo bizi bitez».

Publicidad

Egoera batean ala bestean dagoenari udak ilusio printza pizten dio. Urtaro atsegina opa dizut, amonari bezalaxe zuri, irakurle, eta Manuel Lasarteren eskaerarekin bat eginez uzten dizut. «Udara maite ez duen gutxi dago mundu zabalean/ zoragarria da mendi-puntan berdin itxas-egalean/ ene, udara, auxe eskatzen dizut nik egiñalean/ goza itzazu baserrian da goza gaitzazu kalean».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad