Hitz egin al dezakete futbolariek politikaz? Eurokopa jokatzen ari diren Thuram eta Mbappék bozkatzera animatu dituzte beren herrialdeko gazteak, batez ere muturreko alderdien garaipena ekiditeko. Le Normand atzelariak haiekin bat egin du. Unai Simon, aldiz, isilik egotearen aldeko agertu da. «Jostuna jostera, okina labera». Izango da, ziur asko, atezaina delako, eta ez duelako nahi atean golik jaso, edozein motatakoa bada ere. Datorrena datorrela, hobe atea giltzarrapoz ixtea. Atezaina atera. Baloiak fuera!
Publicidad
Lehengo batean kazetari batek Espainiako futbol selekzioaz galdetu zion Felipe VI.ari, eta honek bere iritzia eman zuen… futbolaz. VOXeko ordezkari bat sutan jarri zen futbolariak politikaz zihardutelako, baina inork ez dio erregeari esan mingaina zuloan gordetzeko, ea zer dakien berak futbolaz. Mileik 'ezkerra'-k gaitzetsi ditu, alegia Maradona eta Messi. Niri osasuntsua iruditzen zait futbolarien jardun hori. Egia da, gizartearen gainerakoarekin konparatuta, oso bestelako errealitatea bizi dutela (gauza bera esan daiteke politikari askori buruz), baina herritar diren neurrian, eskubide osoa dute nahi dutenaz jarduteko. Are gehiago, kazetariek horretaz zuzenean galdetzen badiete.
Eta ez dezala inork esan ez direla politika eta futbola nahasi behar. Agintariek egunero nahasten dituzte biak. Begiratu futbol-zelaietako palko nagusira, eta hasi zenbatzen zenbat agintari dauden bertan bapo-bapo eserita. Agintariek ahal dutena ukatuko al diegu futbolariei?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión